Maruxak: “Espazioak konkistatzea eta kuirra dena plazetara eramatea da gure xedea”

Euskalerria Irratia

Maruxak taldeak Eskuminak Deluxe, bere lehenengo disko luzea, kaleratuko du azaroaren 13an. Aurretik, Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saiotik igaro dira taldeko kide Haizemin eta Pili, abesti berriak gure entzuleekin partekatzeko

Maruxak taldeak festa alaia eta koloretsua proposatzen digu oholtza gainera igotzen den bakoitzean. Genero-rolak zalantzan jartzen dituzte, eta aire berriak ere eraman dituzte txosnagune zein jaiguneetara, horiek anitzagoak bihurtuz. Euskal musikari, instrumentuei eta tradizioei buelta bat eman, eta proposatzen dizkiguten ikuskizunetan folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berreraikitzen ari dira. Musika, umorea eta aldarrikapena uztartzen ditu Mendillorrin jaiotako proiektu honek.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera egindako Bihotzak ikasi abestian dioten bezala: "Koloreak dira haien bidea, argiak itzalgabeak, haien lagun xelebre eta araugabeez lagunduta, ez daitezela sentitu ahulenak, dantza hau ez delako izango azkena".

Eta ez da izango azkenekoa, izan ere, Maruxak taldeak Eskuminak Deluxe, bere lehenengo disko luzea, kaleratuko du azaroaren 13an. Aurretik, Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saiotik igaro dira taldeko kide Haizemin eta Pili, abesti berriak gure entzuleekin partekatzeko. Haien esanetan, "diskoa oso anitza eta koloretsua da, Maruxak taldea bezainbeste, bai musika-estiloari dagokionez, bai kolaborazioei dagokienez". Lana osatzen duten hamabi abestietan Euskal Herriko hainbat abeslari eta talde ezagunek parte hartu dute: Fermin Muguruza, Pirritx eta Porrotx, Olaia Inziarte, Tapia eta Leturia, Malentxo, Kiliki, Flako Fonki, La Wera edota Alarma Morea, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!