Ana Jaka eta Oskar Sada (EHGAM Nafarroa): “Euskal queer komunitatea indartzeko balio du Xokak”

Euskalerria Irratia

Genero disidentzia hizkuntzara eramanen dute laugarrenez EHGAM Nafarroak antolatutako ‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldietan

EHGAM Nafarroak antolatzen dituen Xoka. Jite disidenteak jardunaldiak Iruñera itzuliko dira azaroaren 5ean, 12an eta 19an. Ana Jaka eta Oskar Sada antolatzaileek argitu moduan, jardunaldiaren laugarren edizio honen helburua, aurrekoen bide beretik, genero disidentzia hizkuntzara eramatea izanen da: "Ez toka, ez noka, guk xoka. Hitanoa noka eta toka artean banatzen da eta oso ikuspegi bitarra iruditu zaigu beti. Hala, xoka asmatu genuen, beste hizkuntzetan egiten ari diren ariketa hori euskaraz ere egiteko”. LGTBIQ+ komunitatearekin zerikusi zuzena izan arren, “jendarte osoari zuzenduta daude ekitaldiak. Era berean, euskara ikasten ari direnentzat ere oso interesgarriak izaten ahal dira”.

Egitaraua azaroaren 5ean abiatuko da Laban, Ba al dago euskal transfeminismorik? izenburupeko hitzaldiarekin. Saio honetan, Albina Stardustek argitaratu berri den “Garen piztiaz beste” saiakera esanguratsuaren egileak, Iñi Etxezarreta eta Elene Lopetegi, elkarrizketatu eta xaxatuko ditu.

Bigarren topaketa azaroaren 12an izango da Plazaran. Kasu honetan, teoria albo batera utzi eta gorputza jarriko dute erdigunean Eszena eta disidentziak, gorputz poetikoak tailerrarekin. Garazi San Martin Bojen gidaritzapean, idatzi literario kuirretatik abiatuta, izateko eta sentitzeko modua dantzatu eta mugimenduan jartzeko aukera izango da. Saio honetan parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea ehgamnafarroa@gmail.com helbidean.

Zikloari amaiera emateko, azaroaren 19an lehenengo Bitxodromoa egingo dute Geltokin. Mintzodromo kuir honetan, talde txikietan txandakatuz, komunitateari interesatzen eta eragiten zaizkion gaiak partekatuko dituzte partaideek, Plazeratu kolektiboak girotutako espazio batean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!