Musika, irudia eta teknologia garaikidea elkarren eskutik ariko dira ostegun honetan, azaroaren 5ean, Euskalerria Irratiaren egoitza berrian. «Musika eta Irudia Dantzan / Festa Ekosistema Berriak» izeneko ekitaldiak sormen digitalaren, ikus-entzunezkoen eta klub kulturaren arteko harremanak aztertuko ditu, solasaldi baten eta zuzeneko emanaldi baten bidez.
Hitzordua 19:00etan izanen da, Iruñeko Kale Nagusiko 54. zenbakian, bigarren solairuan. Euskalerria Irratiak, Loraldiak eta Iruñeko Udalak antolatu dute, Iruñaldia ekimenaren barnean. Sarrera doakoa izanen da, aretoa bete arte; guztira, 35 lagunentzako tokia dago.
Solasaldian hiru gonbidatuk hartuko dute parte: Martintxo Etxauri "Txo" artista multimedia, ikertzaile eta irakasleak; Iker Oiz zinemagile eta errealizatzaile independenteak; eta Adriana Urmeneta kultur sortzaile eta aktibistak, Plazeratu Klubeko kideak. Bakoitzak bere ibilbidea eta sormen-prozesuak azalduko ditu, baita artearen, teknologiaren, musikaren eta komunitatearen arteko loturak ere.
Etxaurik arte digitala, bideo-mappinga eta sorkuntza generatiboa lantzen ditu, teknologia berriak arte garaikidearekin uztartuz. Oizek, berriz, ez-fikziozko ikus-entzunezko lanak garatzen ditu, memoria, lurraldea eta identitatea ardatz hartuta. Urmenetak kultur sorkuntza eta aktibismoa uztartzen ditu, Plazeratu Klubaren bidez, besteak beste, gaueko kultura eta espazio kolektiboak lantzen.
Solasaldiaren ondoren, DJ maKedak —Jimena Bandeiraren izen artistikoa— zuzeneko musika saioa eskainiko du. Bere proposamenak erritmo afrikarrak eta diasporako soinuak klubeko elektronikarekin uztartzen ditu, groovea eta mugimendua ardatz hartuta. Musikak jotzen duen bitartean, Etxaurik eta Oizek arituko dira irudiak zuzenean eta bat-batean sortzen. Horrela, soinua, irudia eta gorputza elkarrizketan jarriko dituen esperientzia osatuko dute.