Iruñetik urrun jokatzen duenean, aurkariak gailendu egiten zaizkio Osasunari, bai markagailuan, eta baita zelaian ere. Sevillaren aurka, gutxienez, 20 minutu on egin zituen partida hasieran. Ba, Deportivoren aurka, dardarka zelairatu ziren gorritxoak, eta miraria izan zen lehen ordu laurdenean golik ez jasotzea. Hori gutxi ez, eta aurkariaren akats larri bat baliatuz, 0-1ekoa egin zuen Ante Budimirrek. Osasuna, modu horretan, abantailarekin iritsi zen atsedenera.
Bigarren zatian, ordea, urtu egin zen talde iruindarra, azukre-koxkorra balitz bezala. Deportivo suspertu egin zen, aldaketek lagunduta; Osasuna, ordea, atzean giltzapetu zen, nekatuta, eta baloia mantendu ezinik. Etxekoek faltaz berdindu zuten neurketa, eta 87. minutuan, Bil Songoren golak punturik gabe utzi zuen Osasuna.
Jagoba Arrasatek, oraingoz, ez ditu uxatu etxetik kanpoko mamuak, eta talde gorritxoa zalantzapean iritsiko da asteburuan Sadarren Athleticen aurka jokatuko duen derbira. Jardunaldia hamabosgarren postuan bukatu du, jaitsieratik puntu bakarrera.
Emakumeen taldeak ere galdu egin zuen, larunbatean Vila-realen aurka jokatu zuen partidan. 0-1 gailendu ziren bisitariak, Aixa Salvadorrek 67. minutuan sarturiko golarekin. Geldialditik kontrako oinarekin itzuli dira gorritxoak, baina sailkapenaren goiko aldean jarraitzen dute. Bihar Kopako partida jokatuko dute, etxean, Lehen Mailako Logroñoren kontra.
Horretaz guztiaz mintzatu gara ‘Osasun-etxea’ solasaldian.