Zaldiko Maldiko Kultur Elkartearen eskutik, HOTSegunak zikloa martxan da jada. Eta ikasturte berriari hasiera emateko, ostegunean, urriak 29, musika proiektu berri bat ezagutzeko aukera izango dugu: Likena. Ane Garciak eta Haize Agirrek ostegun honetako saiorako propio prestatu duten musika emankizuna izango da. “Haize nire lehengusina da, beraz aspalditik ezagutzen dugu elkar eta abesten dugu elkarrekin. Zaldiko Maldiko elkarteko kideek gonbitea egin ziguten eta naiz eta musika proiekturik ez izan esku artean, bion artean osatu dugu abesti zerrenda polita”, adierazi digu Ane Garciak.
Likena izenaz galdetuta: “Gustatzen zait hitza. Onddo eta alga baten sinbiosia da likena, baina Arrasaten ‘like’ esaten dute izan litekeena edo posibilitatea adierazteari eta bigarren zentzu hori ere hartzen diot proiektuari: izan litekeen zerbait, ez dakiguna izango den edo ez”, dio Ane Garciak.
Osteguneko emanaldian, “kantu ederrak eskainiko dizkiogu publikoari. Bertsioak egingo ditugu, gustuko ditugun abestienak. Horietako asko euskaratu eta geureganatu ditugu”, aurreratu digu Ane Garciak. Proiektuari jarraipena emango ote dioten ez dakigu, baina Ane Garcia eta Haize Agirre elkarrekin kantuan entzuteko aukera izango dugu, urriaren 29an, Zaldiko Maldiko elkartean 20:00etatik aurrera. Aurretik, Ane Garcia Bigarren Solairuko egongelan egon da.