Sarean Euskaraz 2026

Leire Lison: “Mundu digitalean euskara beste hizkuntzen maila berean egotea nahi dugu”

Euskalerria Irratia

Euskara etorkizunean presente eta indartsu egotea da Badalaben helburu nagusia. Horretarako, hainbat lan-ildo dituzte martxan eta digitalizazioa horietako bat da

Ingurune digitalean hizkuntza handiek duten nagusitasunaren aurrean, euskaraz bizitzeko eta edukiak sortzeko beste aukera batzuk aztertzen dituzte. Gazteek erabiltzen dituzten plataforma digital gehienak enpresa handien esku daude, eta horien algoritmoek interakzio gehien sortzen duten edukiak lehenesten dituzte. Horrek, ordea, ez die mesederik egiten hizkuntza gutxituetan sortutako edukiei. 

Badira, hala ere, bestelako aukerak. Mastodon, esaterako, euskarazko interfazea eta edukiak eskaintzeaz gain, ez du algoritmo zentralizaturik erabiltzen edukien lehentasuna erabakitzeko. Horri esker, bertan euskarazko komunitate bat sortu da, mundu mailako edukietara isolatu gabe.

Badalabek, gainera, teknologia euskaraz erabiltzeko eta sortzeko aukerak ezagutarazi nahi ditu. Jardunaldietan, Euskal Herrian arlo digitalean egiten den ikerketa eta garapena erakutsi, euskarazko tresna erabilgarriak ezagutarazi eta gazteei teknologia arloan etorkizun profesionala egiteko aukera dagoela helarazi nahi diete.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!