Euskararen eskubideak bermatzea du helburu Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. 2001ean sortu zen, denborarekin desagertzeko desioarekin, euskaraz artatuak izateko eskubideak bermatzen ziren bitartean. Baina 25. urteurrena ospatu berri du Behatokiak, epe laburrean desagertzeko batere asmorik gabe. “Ospatzetik gutxi dugu. 25 urte hauetan gurekin egondako herritar eta erakundeei aitortza egiteko probestu dugu efemeridea. Ospatzeko baino aldarrikatzeko unea da”, kontatu digu Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendariak.
2025.eko datuak biltzen dituen txostenean Euskararen Telefonoaren bidez 883 kexa jaso zituen. Horri gehitu behar zaizkie salatzen ez diren hizkuntza eskubide urraketak. Kexa guztietatik Nafarroako Gobernuari zuzendutakoak 92 izan ziren. “Erakunde publikoak etortzen zaizkigu burura eskubide urraketetan pentsatzen dugunean, baina enpresa pribatuetan eta gizartean ere ikusten ditugun zenbait jarrera salatzeko modukoak dira”, dio Gaubekak.
Behatokian egiten duten lanaz galdetuta, esperantzaz egiten dugu. “Herri honek eragiteko ahalmena du eta tinko jarraitzeko asmoa du. Orain arte lortutako aurrerapenak herri mugimendutik lortu dira, inork ez digu ezer oparitu”, adierazi du Gaubekak.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren 25 urte hauetako ibilbideaz eta euskararen orainaz eta geroaz hitz egiteko Euskalerria Irratiko Bigarren Solairuko egongelara hurbildu zaigu Agurne Gaubeka, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria.