Energia gehien kontsumitzen duten etxetresna elektrikoen artean daude hozkailua, sukaldea eta argiztapena. Hala azaldu digu Iosu Alfarok, eta hainbat gomendio eman dizkigu egunerokoan energia gutxiago kontsumitzeko eta, bide batez, hileko faktura murrizteko.
Hozkailuari dagokionez, izozkailuan janari beroak ez sartzea eta hozkailuaren tenperatura bost gradu inguruan mantentzea komeni da.Bestalde, gailu elektrikoak guztiz itzaltzea gomendatzen du Alfarok, standby egoeran utzi beharrean. Izan ere, gailu batzuk entxufatuta eta piztuta utzita, energia kontsumitzen jarraitzen dute. Horretarako, nahikoa izan daiteke entxufe anizkoitzaren etengailua itzaltzea.
Garbigailuari dagokionez, energiaren zati handi bat ura berotzen erabiltzen da. Horregatik, arropa garbitzeko programa hotzak erabiltzea komeni da, ahal den guztietan. Bestetik, azkenaldian, LED bonbillak erabiltzea ere gomendatzen da energia aurrezteko. Hala ere, Alfarok beste ideia bat nabarmendu du: apurtu arte, ez erosi berririk. Izan ere, energia aurrezteko ahaleginean, beharrezkoa ez den kontsumoan ez erortzea ere garrantzitsua da.