Dena prest dago Marisolasak bazterretan jardunaldiaren zazpigarren ediziorako. Urriaren 24an, Plazarako Pinaquy aretoa hausnarketa eta elkargune bihurtuko da. Oskar Sada EHGAM Nafarroako kideak gogoratu duenez, “ez da LGTBIQ+ kolektiboko kideentzako soilik pentsatutako zerbait, gizarte osoari zuzendutako erreminta eta gunea izan nahi du, are gehiago egun bizi dugun inboluzio garaia kontutan hartuta. Euskal unibertsitate herritar kuirra deitzen diogu”. Helburua, bazterrean dauden errealitateak, eztabaidak eta pertsonak erdigunean jartzea izango da.
Jardunaldia aurkezteko, urtero kolektibo bat aukeratzen dute antolatzaileek. Oraingoan Andraize izan da. Sexu eta ugalketa osasunerako arreta zentroa ireki zutenetik 50 urte betetzen dira. Eta Txantrea auzoan okupatu zuten lehen lokalaren aurrean bildu dira EHGAMeko kideak. Andraize ez zen erakundeen eskuzabaltasunetik jaio. Borroka feministatik, auzo erakundetik eta beren gorputzen eta bizitzen gaineko boterea berreskuratzea erabaki zuten emakumeen errebeldiatik sortu zen” dio Sadak.
Gaurko agerraldian esan dutenaren arabera, “isiluneak hausteko, ezagutzak partekatzeko, abortatzeko, kontrazepziorako, plazererako eta errurik eta errepresiorik gabeko sexualitaterako eskubidea defendatzeko jaio zen Andraize. Familia-plangintzako zentro bat baino askoz gehiago izan zen. Behetik abiatutako antolaketa-esperientzia izan zen, autonomiarena, ahalduntze kolektiboarena eta kontrabotere herrikoi feministarena”.
Aurtengo gai nagusia desira da eta horren inguruan solasaldiak eta tailerrak antolatu dituzte. Jardunaldia goizeko 10etan hasiko da Desira problematikoak edo arazo bihurtuak? izeneko solasaldiarekin. Bertan, Bruno Martinez eta Hybris Garatea ariko dira “marisolasean”. Eguerdian, Daniela Nuñez eta Sor Claudiarekin Lan (a)sexuala eta lanaz arituko dira bildutakoak. Zuriza tabernan Maribermuta egin eta gero, bazkari begano goxoaz gozatuko dute. Arratsaldean berriz, hiru lantegi proposatuko dizkie EHGAM Nafarroak bertaratzen direnei aukeran. Sexu-lanaren eredu legegileak, Hau al da nire desira? Eta Eduki lizuna: lengoaia esplizituaren laborategi kuirra. Goizeko saiorako sarrera librea da eta bazkaria eta arratsaldeko tailerretan parte hartzeko izena eman behar da. Informazio guztia www.ehgam.eus aurkituko duzue.
Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioan EHGAM Nafarroako kide Oskar Sada egon da.