Lehen jokalditik bertatik, agerikoa izan zen Osasunak jarreraz eta estiloz aldatu duela. Arrasateren itzuleran, bizi, zorrotz eta oldarkor jardun zuen talde iruindarrak; hau da, nahi duten eta Ramisekin ikusi ez zuten hori eman zien Sadarreko zaleei.
Gorritxoek arrapaladan hasi zuen neurketa, eta hamargarren minutua betetzerako, aurretik ziren jada markagailuan. Budimirrek egin zuen Arrasateren bigarren aroko estreinako gola, berak eragin zuen penaltia sareratuta. Dubasinek, berriz, birritan zulatu zuen Racingen atea, baina haren bi golek ez zuten baliorik izan.
Osasuna errenta murritzarekin iritsi zen partida amaierara. Atzerantz egin zuen nekearen ondorioz, baina sendo agertu zen bloke ertainean zein bloke baxuan defendatu zuenean. Eta Asier Osanbelak lasaitasuna ekarri zuen Sadarrarera, 88. minutuan bi eta hutsekoa eginda. Garaipenari esker, nafarrek hamargarren postuan amaitu dute asteburua.
Emakumeen Osasuna, berriz, puntu batekin itzuli zen Alhamaren zelaitik. Bigarren Mailako liderra da Alhama, beraz, ontzat eman daiteke Roberto Perezen taldeak lorturiko berdinketa. Nabarmentzekoa da gorritxoek oraindik ez dutela partidarik galdu denboraldi hasieran: bi garaipen eta hiru berdinketa lortu dituzte lehen bost jardunaldietan. Gainera, golik jaso gabe amaitu dituzte azken hiru neurketak.
Horretaz guztiaz mintzatu gara ‘Osasun-etxea’ solasaldian.