'Bidaia. Bizitza bat elkarrekin' ikasgelako aniztasuna eta kulturartekotasuna lantzeko

Euskalerria Irratia

Oker dabil maleta batean arropa soilik sartzen dela pentsatzen duena. Maleta batean bizipenek, emozioek eta istorioek ere badute tokia. Ideia horretatik abiatuta, Lantxotegi, Iruñeko Udalaren laguntzarekin, 'Bidaia. Bizitza bat elkarrekin' proiektuan aniztasuna, kulturartekotasuna eta identitate desberdinen ezagutza lantzen ditu Iruñeko hainbat ikastetxetan,

Arantxa Caminos eta Izaro Marcilla izan ditugu gurean 'Bidaia. Bizitza bat elkarrekin' proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Ikasgelara maleta bat bultzatuz sartu da Izaro, eta hala sartu ohi da ikasgelara ere. Objektuz beteta dago maleta, eta ikasleen arreta pizten du hasieratik. Maleta, ordea, ez da ohiko bidaia baten ekipajea, bidaia sinboliko baten abiapuntua baizik.

Bi saiotan garatzen dute esku-hartzea. Lehenengoan, bidaia baten hasiera irudikatzen dute ikasleek, eta hainbat kontzeptu eta bizipen jartzen dituzte mahai gainean. Maletan agertzen diren objektuak ere ariketaren parte dira: bakoitzak bere historia du, eta, era berean, pertsonen eta familien bizipenei lotuta dago. Objektu horien bidez, ikasleek beren istorioak kontatu eta besteenak ezagutzeko aukera dute.

Proiektuaren helburua ikasgeletan dagoen aniztasuna agerian uztea da, eta ikasleei ulertaraztea identitateak askotarikoak direla. Horretarako, bidaia metaforaz baliatzen dira: objektu bat norberaren historiaren, identitatearen edo talde baten parte izan daiteke, eta, aldi berean, beste pertsona batzuen bizipenak ezagutzeko atea ireki dezake.

Identitate kolektiboa eta balio partekatuak ere lantzen dituzte saioetan. Begiak itxita eta objektu bat eskuetan dutela, ikasleek beren bizipenetara hurbiltzeko eta istorio pertsonalak partekatzeko aukera dute. Horrela, bakoitzaren esperientziatik abiatuta, taldearen aniztasunaz eta elkarbizitzaz hausnartzen dute.

Estereotipoak lantzeko dinamikak ere egiten dituzte, baina helburua ez da aurreiritziak zuzenak edo okerrak diren epaitzea, horien inguruan hausnartzea baizik: zergatik lotzen ditugu pertsona jakin batzuk ezaugarri edo rol jakin batzuekin? Horretarako, rol-jokoak erabiltzen dituzte, eta ikasleek hainbat egoera eta pertsonaia antzezten dituzte, hala nola youtuber bat, kalean bizi den pertsona bat edo irakasle bat.

Era berean, kulturartekotasunari eta identitateen arteko harremanei buruzko kontzeptuak lantzen dituzte, pertsona bakoitza bere osotasunean onartzeko eta errespetatzeko. Mezu nagusia argia da: aniztasuna ez da oztopo bat, aberastasun bat baizik. Eta hori txikitatik lantzea funtsezkoa da elkarbizitza eraikitzeko.

Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi duenak honako helbide honetara idatz dezake: proyectobidaia@gmail.com.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!