BIGARREN SOLAIRUKO EGONGELA

Reyes Ilintxeta: “’Umoretik landuko dugu elizako ondasunen immatrikulazioen eskandalua”

Euskalerria Irratia

Urte luzeko atsedenaldia eta gero, Xahutondo Antzerki Taldeak ‘Hasta el caviar empalaga’ lan berria taularatuko du urriaren 16an Txantrea auzoko Salestarren Zentro Komunitarioan

Nafarroako Izalpeko Santa Gezurra komentuan, ofizialki “ekintza pastoralerako alferrikakotzat” jo dituzten hiru mojek ez dute onartzen haiek bistatik kendu nahi izatea. Ama Miguelak, Sor Urracak eta Sor Emaúsek etxea ixteko zorian ikusten dute. Bitartean, Kayetanok, K-z idatzita, hileta-inperio baten oinordeko eta influgay profesionala ohartu da kabiarrak berak ere okatu egiten duela eta bere luxuzko bizimoduak ez diola dagoeneko graziarik egiten. Bere buruarengandik ihesi doala, Santa Gezurran hartu du ostatu.

Hori da Xahutondo antzerki taldearen Hasta el caviar empalaga antzezlan berriak proposatzen diguna. Urriaren 16an izango da estreinaldia Txantreako Salestarren zentro komunitarioan, 19etatik aurrera. Sarrera doan da edukiera bete arte. Larunbatean berriz, Sanduzelaiko Civivoxera iritsiko da, Iruñeko Udalak antolatutako Hemengo Antzerkiaren 28. erakustaldiaren barruan. Saio hau ikusteko sarrera guztiak agortuta daude jada.

Hasta el caviar empalaga, Jaime Segurak idatzitako antzezlana da. Mariaje Jodarren zuzendaritzapean arituko dira Idoia Izko, Otxin Etxaide, Edurne Azpeitia eta Reyes Ilintxeta. “Aznar Madrilgo Gobernu buru zegoenean, hipoteka legea aldatu zuen eta urte batzuetan, Elizak bere izenean ondasunak immatrikulatzeko aukera izan zuen, notarioa balitz bezala. Horrela, eliza eta baseliza aunitz jarri zituzten haien izenean, baina baita soro, etxe eta herriak ordaindu eta konpondutako hainbat ondasun. Antzezlanak polemika sortu zuen gai hau jorratzen du, umoretik beti ere”, adierazi digu Reyes Ilintxetak Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioko Egongela elkarrizketa tartean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!