Badira gauza batzuk ozenki esan ezin direnak. Galerak, beldurrak, denborak itxi ez dituen zauriak. Orain, denbora luzez isilik daramanari hitzak jartzeko espazioa eskainiko dio Zaldiko Maldiko Elkarteak. Literatura terapeutikoaren tailerra, Sendatzen duten hitzak zuzenduko du Hasier Larretxea idazleak, Zaldiko Maldiko elkarteak antolatuta eta 2 orduko bost saiotan, urriaren 13tik hasita. Literatura garaikidea eta idazketa terapeutikoa uztartuko ditu, baita musika eta hitza ere.
Urriaren 13 eta 26an, azaroaren 9 eta 23an eta abenduaren 14an izango dira saioak. Izena emateko epea urriaren 9an bukatzen da. info@zaldikomaldiko.eus helbidera mezu bat bidali behar da eta prezioa 50 eurokoa izango da publiko orokorrarentzat eta 25 eurokoa Zaldiko Maldiko elkarteko bazkideentzat.
Hasier Larretxeak berak Euskalerrria Irratian kontatu bezala, saioetan, parte-hartzaileek euren "barne narratibak, bizipenak eta esperientziak" jorratuko dituzte idazketaren bitartez, naiz eta idaztea ez den halabeharrezkoa beti. Izan ere, "ez dago idazle onik edo txarrik, hemen bakoitzak bere hitza du, eta hitz hori baliotsua da". Orain arte hainbat liburutegi eta zentrotan eman du tailerra Larretxeak, tartean Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan ere, eta "esperientzia eraldatzaile bat" dela azpimarratu du. "Nire lana gidari izatea izan da, osasun mentalaren inguruan mintzatzen diren literatura testuak eskainiz eta musikaren bitartez momentu argitsuak ere bilatuz".
"Literatura garaikidea abiapuntu hartuta eta musika lagun dugula, idazketa ariketa gidatuak egiten dira saio bakoitzean", azaldu du. Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Piedad Bonnett, Lierni Azkargorta, Iosune de Goñi, Uxue Juarez, Jon Gerediaga, Angel Erro, Oihane Garmendia eta beste egile batzuen testuak irakurriko dira, mina, trauma, memoria eta ahanztura lantzen dituztenak. Musikak —Ludovico Einaudi, Max Richter, Ólafur Arnalds eta beste musikari batzuk— gogoetarako eta idazketarako giroa sortzen lagunduko du. "Saio bakoitzak bi ordu irauten ditu eta partekatzea beti borondatezkoa da. Garrantzitsuena prozesua da".
Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saiora Zaldiko Maldiko Elkarteko kide Ines Castiella hurbildu da tailerraren xehetasunak kontatzera.