Antzerki Aroa, euskarazko antzerki zikloa, hemen da berriro udazkeneko kultur programazioaren barruan; urriaren 7tik azaroaren 4ra bitartean bost antzezlan taularatuko dituzte, asteazken bakoitzean bana, Nafarroako Antzerki Eskolan, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak salgai daude jada Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian, San Agustin kalean eta webgunean. Prezioa 8 eurokoa da, eta 5 eurokoa euskaltegietan edo Hizkuntza Eskolan euskara ikasten dutenentzako. Bost ikuskizunetarako bonua ere badago, 25 euroan. Lehenengo antzezlana, Bi baso bat ur, urriaren 7an taularatuko da.
Metrokoadroka kolektiboaren lan berria da eta tratu txarrak pairatu ondoren datorrenaz hitz egiten du, umorez, baina gaiari pisurik kendu gabe. Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias aktoreak ikusiko ditugu taula gainean. Zuzendari lanetan berriz Oier Guillan eta Edurne Azkarate.
Lau pertsona dantzaleku baten erdian. Bakoitzak baso bat ur du eskuan. Lauak guztiz geldi daude, DJak inguruko jende guztia dantzan jartzen duen bitartean. Halaxe dio pertsonaietako batek: “Dantza egitea zure burua abandonatzea da. Plazerera abandonatzea.
Baina niri, behin, norbaitek dantza egiteko gaitasuna lapurtu zidan. Orain, mugitzen ikasi nahiko nuke berriro. Nire irudimenean bada ere…”.
Umorearen bitartez, tratu txarrak pairatutako emakume baten bizipenak kontatuko ditu, horiek gainditu eta berriro alai egoteko hautua egin duen Learen bizipenak hain zuzen ere. Eszenaratze soila du, baina barneak mugitzen ditu testuak.
Euskalerria Irratiko Bigarren Solairua saioan Edurne Azkarate, Bi baso bat ur antzezlanaren zuzendaria izan dugu.