SAIO BEREZIA

Editargi, Nafarroako Edizioaren X. Azoka hastear da

Euskalerria Irratia

Irailaren 30etik urriaren 4ra arte 16 erakustoki, 17 jarduera eta zazpi liburu aurkezpen antolatu dituzte Basotxoan

Editargi, Nafarroako argitaletxe independenteen elkarteak antolatzen duen liburu azoka iristear da. Hamargarren edizioa ospatuko dute, urtero antolatzen den zita sendo eta indartsu dagoen seinale. Irailaren 30etik urriaren 4a arte, Iruñeko Takoneran, Basotxoan milaka liburu erosteko aukera izango dugu. 17 erakustoki egongo dira bisitatzeko eta 17 jarduera eta 7 liburu sinadura antolatu dituzte.

Irekiera ekitaldiarekin batera, Editargi Saria banatu dute laugarrenez. Oraingoan, Miguel Sanchez Ostiz idazleak jaso du. Hemezortzi eleberri, zortzi poesia-liburu, hamazazpi dietario eta hamalau saiakera eta kronika idatzi ditu, bai eta hainbat literatura- eta iritzi-kolaborazio ere egunkari eta aldizkarietan. Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izan zen 1984 eta 1992 artean.

Edizio honetan hamasei argitaletxek parte hartuko dute: Denonartean, Mintzoa, Txalaparta, Eunate, Altafaylla, Pamiela, Nafarroako Gobernua, Lurai, Kilikids, Alkibia, Igela, NafarPress, Yoki Books, Reikiavik, Nabarralde eta Lamiñarra.

Azoka iragartzeko kartelaren ilustrazio eta diseinu lehiaketa antolatu da hirugarrenez, Nafarroako talentua ezagutzeko eta ikusarazteko helburuarekin. Edizio honetako irabazlea Andrea Mateos Murillo izan da, La décima de Navarra, Nafarroako hamargarrena izeneko lanarekin. 19 urteko Zizurtar hau, Diseinu grafikoko ikaslea da Creanavarran. Zenbait liburu irekiek Nafarroako ezkutua osatzen dute kartelean, izan zere, aurten Nafarroan egindako liburuen garrantzia azpimarratu nahi dute antolatzaileek.

Ez bakarrik Nafarroaz aritzen diren liburuak, baizik eta liburuen ekoizpen prozesuan gertuko profesionalen alde egitearen garrantzia: arte grafikoak, diseinua, maketazioa, idazketa, zuzenketa, itzulpena edota ilustrazioa ere Nafarroan egina izatearen garrantzia.

Aurten ere, Iruñean ez ezik, bestelako herrietatik bidaiatu du Editargik: Irunberri, Corella, Viana, Leitza, Lekunberri, Lizarra, Tafalla eta Altsasura iritsi baita.

Guardasola saio berezi honetatik hainbat editore pasa dira: Ane Eslava (Txalaparta), Lander Majuelo (Pamiela), Aritz Otazu (Mintzoa), Uxue Razkin (Igela), Iruña Iriarte (Reikiavik) edota Unai Pascual (Denonartean).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!