‘Pilotakada’, mugikorrean pilotan aritzeko jokoa

Euskalerria Irratia

Aralar Erdozain tafallarrak garatu duen jokoa Android mugikorretan deskargatu daiteke eta Iphonetan irailaren 19tik aurrera

Frontoian ez ezik, mugikorretan pilotan jokatzeko aukera emango digu Pilotakada aplikazioak. Aralar Erdozain matematikari tafallarrak sortu du eta jada milaka deskarga izan ditu. Lau urte luze egon da aplikazioa garatzen: “Pandemia garaian sortu zen ideia. Orduan denbora libre asko izan nuen eta programatzaile lanak egiten nituen. Bideo-joko bat programatzen ikasi eta ideia garatzen hasi nintzen”, adierazi digu Aralar Erdozainek. “Argi nuen hasieratik gurea zen elementu baten inguruan egingo nuela jokoa. Eta pilota guztiz egokia iruditzen zitzaidan horretarako. Tantoak azkarrak dira, biziak eta aspertzeko aukerarik ez dute ematen. Euskaraz ere egon behar zela argi nuen hasieratik. Nola ez da egongo pilotaren inguruko jokoa gure hizkuntzara itzulia!”.

Bakarka joka daiteke, baina baita binaka edota lau lagunen artean ere. Lehenik eta behin, pilotaria aukeratu behar dugu. Eta horretarako izen berezia duten eta profesional ezagunen antzekoak direnak topatuko ditugu: Peloki, Golaizola, Tilin edota Larramen. Pilotarien indarra, abiadura, erresistentzia, punteria edota erreakzio bisuala hobetzeko, eusko txanponak lortu beharko ditu jokalariak. Eta pilotariek kolpe arruntak, jauzi tiroak edota bi paretak egiteko gai izango dira. Euskoekin jokalarien ezaugarriak hobetzeaz gain, pilotarien katalogoa handitzea, pilota motak, frontoiak edota iragarkiak hautatzeko aukera egongo da.

Jokoa uztailaren 1ean aurkeztu zen Android mugikorretarako eta irailaren 19tik aurrera Iphone mugikorretatik ere doan eskuratu daiteke jokoa. Euskalerria Irratiko Guardasola saiora hurbildu da Aralar Erdozain, Pilotakada jokoaren sortzailea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!