“Txanponaren historiari erreparatzen diogunean, lurralde batek izan duen agintaritza ereduari erreparatzen diogu. Haren bitartez, herri baten, estatu baten ibilbidea marrazten dugu”. Urtero urrian antolatzen duen jardunaldiaren gakoetako bat aurreratu digu Iñigo Larramendik, Nabarralde Fundazioko zuzendariak. Aurten, Nafarroako txanponaren historia izango du mintzagai, ikuspegi askotarikoetatik eta formatu desberdinetan: “Zenbaketa numismatiko batetik harago, Baskonian monetak izan duen bilakaera historikoari buruzko hausnarketa eginen dugu, Iruña-Nafarroako erresuma ardatz izanik, eta monetaren balioa ondare gisa eta gure herriaren bilakaera kultural, sozial eta politikoaren isla gisa nabarmentze aldera. Nafarroak 2.000 urtez moneta izan zuen eta horrek esan nahi du, boterea ere mantendu zuela denbora guzti horretan, baita 1512ko konkista eta gero”.
Urriaren 17an Kondestablearen Jauregian antolatutako sinposioan Alicia Irurzun, Mikel Legorburu, Ricardo Ros, Mikel Zuza, Miguel Ibañez edota Xabier Irujok hartuko dute parte, besteak beste.
Aurretik ere hainbat ekitaldi antolatu ditu Nabarraldek. Irailaren 19an, esaterako, Rocafortera, Zangozaldean dagoen Barskuners monetaren sorburura bisita gidatua antolatu dute Baskunsa elkarteak gidatuta. Irailaren 22an berriz, Iruñeko Kontuen Ganberara irteera aurreikusi dute, Fermin Erbiti historialari eta kazetariarekin. Nafarroako Kontuen Ganbera, Estatuko kontuen auzitegirik zaharrena da, 1365ean eratu zen Karlos II.a erregeak emandako Ordenantza baten bidez.
Oier Santamaria historialariak komisariatuta, jardunaldi nagusiaren izenburu bera duen Nafarroako txanpona, agintearen historia erakusketa ikusgai egonen da Kondestablearen jauregian, urriaren 1etik 18ra bitartean. Eta azkenik, urriaren 3an, Erriberri izanen da helmuga. Bertan, Erriberriko jauregia eta bertako historia ezagutzeko parada izango dute parte hartzen dutenek, Nafarroako ekonomia sisteman izan zuen garrantziaz jabetzeko aukera emango duena.
Jarduera guztiak doakoak dira, baina izena eman beharra dago. Informazio guztia www.nabarralde.eus webgunean dago ikusgai. Euskalerria Irratiko Guardasola saiora Iñigo Larramendi, Nabarralde Fundazioko zuzendaria hurbildu da hurrengo asteetan antolatu dituzten ekimenen berri emateko.