‘Harizko zubiak ehuntzen’ mugaz gaindiko kultur zikloa antolatu du Karrikirik

Euskalerria Irratia

Urrian zehar musika kontzertuak, solasaldiak eta liburu aurkezpenak antolatu dituzte euskaratik eta euskaraz ari diren eragileen arteko harremanak sendotzeko, berriak sortzeko eta txirikordatzeko

Euskaldunon artean garunak astintzeko eta Pirinioak zeharkatzen dituzten zubiak indartzeko asmoz, Karrikiri elkarteak mugaz gaindiko programazio kultural, intelektual eta soziolinguistikoa aurkeztu du. Harizko zubiak ehuntzen du izena proposamenak. “Elementu ezberdinez osatutako zikloa, non musikaz gozatu eta hausnarketa sustatzeko materiala sortu ahal izango den, eta euskararen biziberritzearen inguruan proiektu berriak sortzeko aukera eskainiko den”, aurreratu digu Jon Bujandak, Karrikiri elkarteko kideak.

Antton Lukuren Euskal kultura? (2009) liburuaren berrargitalpena oinarri hartuta, ‘Harizko zubiak ehuntzen’ proposamenak euskaraz eta euskaratik bizi direnen harremanak sortu, sendotu eta txirikordatu nahi ditu.

Urriaren 9an emango diote hasiera zikloari Oreka TX eta Thierry Biscaryren kontzertuarekin. Eta hurrengo asteetan Ekhi Lambert, Ixabe, ØDEI, Habia, Garazi Esnaola, Buhaminak edota Hor-Hor Hirukotearen emanaldiak antolatu ditu Karrikirik.

Kulturaz eta tradizioaz eztabaidatuko dute urriaren 21ean antolatutako solasaldian Aritz Ibañezek eta Peio Berterretxek, Euskalerria Irratiko lankide Inhar Iraizozen gidaritzapean. Familiak, zubiak, egonaldiak izenburupeko mahai inguruan, Mugak Gaindituz! Familiak eta euskararen biziberritzea batzen dituzten bi egitasmori buruz arituko dira Esther Lakasta eta Gartzen Garaio. Gainera, Maiatz argitaletxeak bere liburu proposamen berriak aurkeztuko ditu eta Ameslariak etorkizunari begira izeneko topaketa ere antolatu da.

Programazio osoa eta kontzertuetarako sarrerak erosteko informazioa Karrikiri elkartearen webgunean irakurgai. Euskalerria Irratiko Guardasola saioan izan da Jon Bujanda, Karrikiri Elkarteko kidea, kultur eskaintza berriaz hitz egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!