Jabi Arakama (Euskarabidea): “Hurrengo urtean B1 maila ere doakoa izatea dugu helburu”

Euskalerria Irratia

‘Euskera ahora’ kanpaina bultzatu du Euskarabideak toki entitate eta euskaltegiekin. A1 eta A2 mailako ikasleei matrikularen prezioa itzuliko zaie

“Euskara ikasteko gero eta aitzakia gutxiago daude”, Jabi Arakama Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendariaren esanetan. Gure hizkuntzaren irakaskuntza bultzatzen duten erakunde, toki entitate eta eragile sozialekin batera Euskera ahora kanpaina aurkeztu berri du Euskarabideak. “Ikasturte berrian beste aurrerapauso bat eman dugu eta A1 eta A2 mailetako euskara ikasleek matrikula-gastuaren % 100 jaso ahal izango dute. Gainerako mailetan, 475 eurorainoko dirulaguntzak jaso ahal izango dira aurrez aurreko ikastaroetarako, eta horiek bateragarriak izango dira toki-erakundeek ematen dituzten laguntzekin”, ohartarazi du Arakamak.

2026-2027 ikasturtean dirulaguntzak jasotzeko epea zabalik dago azaroaren 3a arte. Administrazio publikoko langileek ere jaso ahal izango dituzte laguntza orokor horiek. Orain arteko laguntza espezifikoez gain, euskara-ikastaroen modalitateak ere diruz lagunduko dira, hala nola iraupen laburrekoak edo familia-barnetegiak. Laguntza bi epetan ordainduko da, abenduan eta ikasturtearen amaieran.

Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, 5.800 lagun inguruk egin zuten euskara ikasteko hautua 2025-2026 ikasturtean Nafarroako euskaltegi eta ikastetxeetan, azken urteetako goranzko joerarekin jarraituz. Nafarroako Gobernuaren helburua, “euskara ikastera animatzen diren pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzea da, eta, beraz, neurriak hartzen jarraituko dute bertako biztanleak eta Foru Erkidegora iritsi berriak euskarara erakartzeko. Hurrengo urtean laguntzak B1 mailara zabaltzea gustatuko litzaiguke”.

Euskarabideak hurrengo hilabeteetarako dituen erronken inguruan galdetuta, hiru lan ildo nabarmendu ditu Jabi Arakamak: “Jendartean euskararen prestigioa areagotzea, hizkuntza ikasteko aukera gizarte osoari zabaltzea eta noski, euskara kalean gehiago entzutea”. Helburu horiek lortzeko, ofizialtasuna beharrezkoa dela deritzo, naiz eta onartu du egun ez dagoela gehiengo politikorik horretarako.

Jabi Arakama, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaria izan dugu Euskalerria Irratiko Guardasola saioan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!