Uda honetako solasaldi guztietan oso presente izan dugu eguraldia, batez ere jasan dugu beroagatik. Kezka nabarmena da. Aspaldi genekien aldaketa klimatikoa gainean genuela eta bere ondorioak pairatzen hasiak ginela, baina aste hauetan guztietan 40 gradu inguruan mugitzeak jada kargu hartzera eraman gaitu. Egoeraz jabetuta, eta Iruñeko alkate Joseba Asironen eskariz, Udalak Klimaren aldeko Ituna bultzatuko du hurrengo asteetan.
Helburuen artean, Nafarroako hiriburua klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko prestatzea, baita hiri-azpiegitura errealitate berrira egokitzeko prozesua bizkortzeko protokoloak, planak eta jarduera zehatzak bultzatzea ere. Aurtengo udan, 20 gradutik gorako gau tropikalak 21 izan dira. Aurreko urtearekin alderatuta, 15 gehiago. Eta 2022ko uda bereziki beroarekin alderatuta 3 gehiago. Gainera, 19 graduren bueltan beste 20 gau igaro ditugu.
Itunak sei alor desberdinetan banatzen du egin beharreko lana: bizilagunen osasuna bermatzeko neurriak, larrialdi klimatikoari aurre egiteko hiriak dituen tresnen hobekuntza, pertsona zaurgarriei bideratutako ekintzak, finantziazioa lortzeko bideak definitzea eta administrazioen arteko elkarlana. Besteak beste, eremu berde eta itzaltsuak, eraikinetan aldaketak, kontsumoaren jaitsiera edota mugikortasun jasangarriagoa bultzatzeko neurriak aurreikusten dira.
Gaur, Iruñeko talde politiko desberdinekin partekatu dute zirriborroa. Aurrerantzean, bizilagun eta eragileengana joko du udalak, modu parte-hartzaile batean Ituna osatzen joateko. Guardasola saioan Zuhaitz Areitio, Iruñeko Udaleko Klima eta Energia koordinatzailea izan dugu gonbidatu, Klimaren Aldeko Itunaren inguruan mintzatzeko.