Iturramako Civivoxean eman diote hasiera NIFF, Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zortzigarren edizioari. Ostirala bitartean, film laburrez gozatzeko aukera izango dugu. Guztira, 65 izango dira, lau sail desberdinetan banatuta: Sail Ofiziala, Nazioarteko Sail ofiziala, New Generation atala eta CortoJoven, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa. 1.000 laburmetrai inguru jaso dituzte aurtengo jaialdian parte hartzeko eta horietatik 65 baino ez dira iritsi azkeneko fasera. 20 sari banatuko dira eta horietako lauk, Goya eta Fugaz sarietarako sarbidea emango diete film laburrei. Proiekzioak irailaren 8, 9 eta 10ean izango dira Iturramako Civivoxean. Goizean berriz, XXI. mendeko krisiak izenburupeko mahai inguruak antolatu dituzte. Eztabaidarako eta hausnarketarako tartea egongo da. Ikus-entzunezkoen, irakaskuntzaren, gizartearen, osasunaren eta erakundeen arloko ordezkariak parte hartuko dute.
Bi proiekzio berezi eta aurreikusi dira. Lehenengoa, Orfeoia izeneko dokumentala. Irailaren 7an, arratsaldeko 5.30etan ikusi ahal izango da lehen aldiz Andres Salaberrik zuzendu duen ordu erdiko dokumentala. Iruñeko Orfeoiaren 160. urteurrena ospatzeko, taldeak Bartzelonara egindako bidaia filmatu du Salaberrik lan honetan. Bigarren proiekzio berezia, El niño de la fotografía: Carlos Saura izango da. Ostirala arratsaldean emango da Anna Saura, zinemagile ezagunaren alabak zuzendutako lana eta ondoren, NIFF jaialdiko sari berezia jasoko du zuzendariaren alargunak.
Euskalerria Irratiko Guardasola saioan izan ditugu Alazne Sanz, NIFF jaialdiko zuzendari ondokoa eta Kike Unzu, Antaviana Films Nafarroako zuzendaria eta Orfeoiko kidea.