Iruñeko Idazkaritzak Joseba Asiron Saez proposatu du 2027ko maiatzaren 23ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburu eta Iruñeko alkategai izateko. Bere ibilbide profesionalari, dedikazioari eta duela hamarkada bat baino gehiagotik egiten ari den lanari erreparatuz, Idazkaritzaren iritziz, Joseba Asiron da profil egokiena proiektua gidatzen jarraitzeko eta hurrengo legegintzaldian hiriaren erronkei erantzuteko: "Proiektu hori, eskuinaren alternatiba diren gehiengoak artikulatuz eta herritarren parte-hartzean oinarrituta, Iruñea kalitatezko zerbitzu publikoen, trantsizio ekologikoko eta bizikidetzako erreferente bihurtzen ari da, herritarren beharrei eta kezkei erantzunez", jaso du EH Bilduk ohar batean.
Asion alkate da 2023ko zentsura mozioaz geroztik
2023ko maiatzeko foru hauteskundeetan, Cristina Ibarrolak eskuratu zuen aginte makila, baina abenduaren 18an haren aurkako zentsura mozio bat bozkatu zuten Iruñeko Udalean, eta aurrera atera zen. EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak agintetik kendu zuten Ibarrola, eta Asiron alkate izendatu. EH Bildu hazi egin da Iruñean Asiron hautagai dutela. 2015ean lehen aldiz heldu zen alkatetzara, bost zinegotzi eta 17.004 boto lortuta. 2019an, berriz, zazpi zinegotzi eskuratu zituzten, eta 25.591 boto. 2023an zortzi zinegotzi lortu zituzten, eta 27.752 boto.
Asiron 1962. urtean jaio zen, Iruñeko Mañueta kalean. Artearen historialaria da, eta San Fermin ikastolako irakasle izandakoa. Zenbait lan argitaratu ditu Nafarroako historiari buruz. Zenbait kolektibotako kidea ere bada, esaterako, Nafarroa Bizirik elkartekoa eta Nabarraldea memoria kolektiboa berreskuratzeko fundaziokoa.