Nafarroako txoko berezienak arte eszenikoen agertoki bilakatuko ditu Oinak Hodeietan zikloak

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 29a

Nafarroako hemezortzi konpainiak gure lurraldeko hamasei kokaleku berezitan eskainiko dituzte antzerkia, dantza, zirkua eta magia emanaldiak, arte eszenikoak bultzatu eta landa eremura hurbiltzeko xedearekin.

Abuztuaren 6tik 30era bitartean egingo da 'Oinak hodeietan' programaren zazpigarren edizioa. Nafarroako Gobernuak eta Baluarte Fundazioak antolatutako ekimenak arte eszenikoak ohiko antzokietatik atera eta natura zein ondare gune berezietara eramango ditu beste behin. Guztira, Nafarroako hemezortzi konpainiak antzerkia, zirkua, magia, dantza eta formatu hibridoak uztartzen dituzten hamasei emanaldi eskainiko dituzte Nafarroako hainbat txoko berezitan, guztiak doan.

Ekimenaren ezaugarri berezienetako bat da ikuskizunak antzoki konbentzionaletatik kanpo eskaintzea. Monasterioak, gazteluak, basoak, ermitak, elizak, jauregiak eta baita bunker baten ingurua ere agertoki bihurtuko dira aurten. Horrela, kultura eta ondarea elkar elikatzen dira, ikusleek Nafarroako espazio bereziak beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izan dezaten.

Egitaraua Amico Teatro konpainiak abiatuko da Orisoainen. Tulebrasen, Cabanillasen, Larra-Belaguko Mata de Haya ohianean, Aizkoan, Uitzin, Cortesen, Iratxeko monasterioan, Erratzun, Artziko jauregian, Zuluetan, Kasedan, Eunaten, Aurizberrin, Urraulgoiko Santa Fe monasterioan eta Jauntsaratsen eginen dira emanaldiak. Aurtengo edizioan lau konpainia berri batuko dira estreinakoz ziklo honetara, eta hamaika kokaleku berri gehitu dituzte. 

Programa Nafarroako Artxibo Nagusian aurkeztu dute Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak, Jesus Maria Rodriguez Lurralde Kohesiorako Departamentuko zuzendariak eta Maitena Muruzabal koordinatzaileak. Aurkezpenean, Esnaolak nabarmendu du egitasmoak "herrietan kulturaz gozatzeko aukera" eskaintzeaz gain, bisitariei eta bertakoei Nafarroako ondarea eta paisaiak ezagutzeko aukera ematen diela. Era berean, programaren atzean dagoen eragile sarearen lankidetza eta sormen lana goraipatu ditu, kultura "ausart eta berritzailearen" aldeko apustua dela azpimarratuz.

Bestalde, Jesus Maria Rodriguezek kulturak lurralde kohesioan duen garrantzia azpimarratu du. Haren esanetan, despopulazioari aurre egitea ez da soilik etxebizitza edo enplegua bermatzea; komunitatea indartzea eta herrietan bizi-proiektu erakargarriak sortzea ere bada. Horretarako, kulturak pertsonen eta lurraldearen arteko lotura sendotzeko tresna baliotsua dela defendatu du.

Antzerkiak izanen du presentzia handiena, baina zirkua, inprobisazioa, magia, mimoa eta dantza garaikidea ere izanen dira protagonista. Azken astean, esaterako, Eunateko Santa Maria elizaren kanpoaldean eginen den dantza jardunaldiak hiru konpainiaren lanak bilduko ditu, memoria, gorputza eta naturaren arteko harremana ardatz hartuta. Amaiera, berriz, Yarleku Antzerkiaren Agur, Peter Pan euskarazko ikuskizunak emanen dio Jauntsaratsen.

2020an abiatu zenetik, 66 herritatik igaro da 'Oinak hodeietan', eta zazpi ediziootan 54 konpainiak parte hartu dute. Nafarroako arte eszenikoetako sektore profesionala babestea da ziklo honen helburua, kultur eskaintza lurralde osora hedatzea eta, bereziki, herri txikien eta despopulazio arriskuan dauden eremuen ikusgarritasuna indartzea. Zazpigarren edizioak bide horretan beste urrats bat emango du, kultura, paisaia eta komunitatea uztartzen dituen udako hitzordu berezi gisa sendotuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!