Harresien Jaialdia indartsu itzuliko da Iruñera, abuztuaren 4tik 22ra

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 27a

Doako hemezortzi ikuskizun eskainiko dituzte zirkua, dantza, musika, antzerkia eta arte garaikidea uztartuz. Agertoki nagusiak Ziudadela, O plaza, Zaldi Zuriaren gunea eta Jito Alai pilotalekua izanen dira.

Iruñeko Harresien Jaialdia abuztuaren 4tik 22ra itzuliko da, hiriko ondare historikoa kultur agertoki bihurtuz. Aurtengo edizioak hemezortzi emanaldi bilduko ditu, guztiak doakoak eta publiko guztiei zuzenduak, Ziudadelan, Andre Mari O plazan, Zaldi Zuriaren inguruan eta Jito Alai pilotalekuan. Egitaraua Bost Punta, Iruñeko Ilunabarra, Dantza Madarikatuok eta Madarikatuak Night zikloek osatuko dute. 140.000 euro inguruko aurrekontua bideratu du iruñeko Udalak aurtengo edizioa ontzeko.

Jaialdia Bost Punta zikloarekin abiatuko da, karrikako-arteak eta zirku garaikidea ardatz hartuta. Hiru astetan zehar, akrobaziak, dantza eta antzerkia uztartzen dituzten bederatzi ikuskizun eskainiko dira. Konpainiek, besteak beste, jasangarritasunaz, naturarekiko harremanaz, elkartasunaz, lan-munduaz edo gizakiaren zaurgarritasunaz hausnartzeko gonbita eginen diete ikusleei, betiere ikuspegi artistiko eta berritzailetik.

Ostiral arratsaldeetan, eguzkia sartzearekin batera, O plazak Iruñeko Ilunabarra zikloa hartuko du. Hiru proposamenek zientzia, artea eta teknologia uztartuko dituzte, eguzki-energia baliatuz. Enrique del Castilloren Umbráfono lanak argia soinu bihurtuko du; Margarida Montenyren Blue ikuskizunak gorputz femeninoaren indarra eta hauskortasuna jarriko ditu erdigunean; eta Iron Skulls konpainiaren Famulus 4.0k dantza garaikidea, hiri-dantzak eta antzerkia uztartuko ditu.

Larunbatetan, Zaldi Zuriaren ingurua eta Barbazanako harresia izanen Dantza Madarikatuok jaialdi ibiltariaren agertoki. Parkour talde batek gidatutako ibilbidean, ikusleek dantza garaikideko hiru pieza ezagutuko dituzte saio bakoitzean. Programazioak nazioarteko eta Espainiar Estatuko konpainak bilduko ditu, baita Nafarroako sortzaileak ere. Horien artean izanen dira Danae & Dionysios greziarrak, The Concept, Carmen Fumero eta Dácil González, Eyas Dance Project, Wonderground eta Nafarroako Qabalum, Aimar Odriozola, Anouar Merabet eta Erain.

Gautxoriendako kultura proposamenik ere izanen da. Jaialdiaren gauetako eskaintza Madarikatuak Night zikloak osatuko du. Jito Alai gunean eginen diren hiru gaualdietan musika elektronikoa eta dantza izanen dira protagonista, DLC Kultur kolektiboarekin elkarlanean. Bobby García, Ope Loeb, Hermetica, Kenya Arakama, Bihotza eta Neska DJ musika ekoizleek jarriko dute giroa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!