Azkeneko urteetan egin bezala, puntu morea ezarri du Iruñeko Udalak Gazteluko Plazan. ‘Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske’ lelopean, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez artatuko dituzte hurbiltzen den jendea. Uztailaren 5ean ireki zen eta bihar arte egongo da zabalik, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara.
Aurtengo Sanferminetan ere erakutsi da puntu morea beharrezkoa dela, izan ere eraso matxistak salatu dira. Orain arte gutxienez 27 salaketa jarri dituzte beste hainbeste emakumek eta 13 lagun atxilotu dituztela jakinarazi dute Nafarroako Gobernuko iturriek indarkeria horrekin zerikusia dutelakoan. Eraso gehienak ukituak, jazarpenak eta irainak izan dira, baina bortxaketa larri bat jasan zuela salatu du emakume batek ere. Eraso larri hori egin zion gizonezkoa espetxeratzeko agindu du epaileak azken orduotan. Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu zuen atzo Gazteluko plazan eta jendez mukuru bete zen.
Euskalerria Irratiko Sanfermintza saioan Aitana Miner eta Aitana Aranbururekin hitz egin dugu. Hurbiltzen direnei arreta eskaintzen egon dira hainbat egunetan. “Indarkeria matxistaren kontrako puntu erreferentziala da Gazteluko Plazan jarri dugun puntu morea. Jende asko hurbiltzen da, eta aurten nabaritu dugu gazte gehiago etorri dela. Emakume gehiago etortzen dira gizonezkoak baino, baina gizonezkoak animatzen ditugu etortzera. Puntu morea zabalik jarraitzen badu, gizonek lan handia egin behar dutelako da”.