Oskar Urdaniz eta Joseba Goienetxe:“ Erraldoiak ongi dantzatzeko ez da indartsua izan behar, oreka ongi mantentzea da gakoa”

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 13a

Erraldoi eta buruhandien konpartsak milaka jarraitzaile ditu egunero. Bederatzi egunez ehunka kalejira eta baltsa dantzatu eta gero, azkeneko agurra egingo dute bihar Udaletxe plazan

Txupinazoa, entzierroa, su artifizialak edota Peñak bezala, Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsa sanferminetako derrigorrezko osagaia da. Milaka lagunek bat egiten dute egunero erraldoi, buruhandi, kiliki eta zaldikoekin. Txistu eta gaitaren laguntzaz, kalejirak, baltsak eta hain maitatua den polonesa dantzatzen eman dute taldearen 25 pertsonaiak.

56 eta 62 kilo arteko pisua dute erraldoiek. Aste Santuan hasten dira jaietan dantzatu beharreko koreografiak entseatzen. Oskar Urdanizek 28 urte darama konpartsan. Erregina Afrikarra urtetan dantzatu eta gero, orain buruhandi bat darama. Joseba Goienetxek hartu zion Urdanizi erreleboa erraldoia dantzatzen. Aritz Romeok danborra jotzen du Haizaldi gaitari taldearekin eta haren erritmoan mugitzen da egun Goienetxe.

Nafarroako hiriburuan erraldoiak 1600. urtetik daude, gutxienez. Udalean gorde den lehenengo dokumentuak halaxe baieztatzen du. Hala ere, gaur egungo erraldoiak 1860. urtekoak dira. Tadeo Amorena Arizkungo artistak sortu zituen. Ibilbide luze honetan hainbat izan dira konpartsa egin dituen bidaiak. Nabarmenena, 1965ean New Yorkera egindakoa, baina Bartzelona, Madril, Donostia, Zaragoza, Sevilla edota Santiago de Compostela ere bisitatu dute.

Euskalerria Irratiko Sanfermintza saioan Oskar Urdaniz, Joseba Goienetxe eta Aritz Romeo konpartsa kideak eta danbor jotzaileak izan ditugu gonbidatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!