Txupinazo Txikiak iruindar gazteenen jaia piztu du, historian lehen aldiz

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 10a

Sanferminek lehen aldiz izan dute aurten Txupinazo Txikia. Haurren Egunaren harira, Buztintxuri ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako ikasleek piztu dute suziria Iruñeko Udaletxeko balkoitik, ehunka haur, senide eta ikusleren aurrean.

Gari Arregi, Ane Loizate eta Ivanna Jiménez izan dira gelaren ordezkariak. Joseba Asiron alkatearekin batera balkoira atera, eta sanferminetako ohiko aldarria egin dute: «Iruindarrak, gora San Fermin!». Ondoren, botoia sakatu dute, eta, adingabeek piroteknia erabiltzerik ez dutenez, sistema elektroniko baten bidez leherrarazi dute suziria Udaletxeko teilatutik. Eztandak eta plazan bildutako haurren zein familien algarek hasiera eman diote ekitaldiari.

Hiru ikasleak balkoira igo diren bitartean, gainerako ikaskideek Harrera Aretotik jarraitu dute unea. Balkoitik bertatik ikusi dute plaza mukuru beterik. Iruñeko Udalak hiriko ikastetxeetako 4. eta 5. mailako ikasleei zuzendutako hezkuntza egitasmo baten bidez aukeratu zuen gela irabazlea, zozketa bidez.

Ekitaldiak uztailaren 6ko Txupinazoaren giroa berriz sortu nahi izan du, baina haurren neurrira. Klarinak eta tinbalak ere entzun dira, oraingoan haurrek joak, eta suziriaren ondotik gaitero txikiak abiatu dira Karrika Nagusirantz, kiliki eta buruhandien laguntzaz.

Udaletxe plaza haurrez bete da. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak hainbat dantza eskaini ditu, eta peña txikiek, txarangek nahiz dantza taldeek ere bat egin dute ospakizunarekin. Txupinazo Txikia izan da Haurren Eguneko berrikuntza nagusia, belaunaldi berriak sanferminen erdigunean jartzeko asmoz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!