Borja Izagirre (EH Bildu): "Prozesioan ez parte hartzeak espazio hori eskuinari uztea ekarriko luke"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 8a

EH Bilduko zinegotziak Sarasate pasealekua eraberritu eta eguneratzeko proiektua nabarmendu du, eta lanak hauteskundeak baino lehen amaitzea dutela helburu adierazi du. Era berean, hirigunean espazio berde gehiago sortzearen alde agertu da, bero-boladei eta klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko funtsezko neurri gisa.

Ekimen erlijiosoetan ordezkari publikoek parte hartu behar ote duten eztabaidagai den honetan, EH Bilduko ordezkarien presentzia defendatu du Borja Izagirrek San Fermingo prozesioan. Bere ustez, erakunde publikoen eta Elizaren arteko bereizketa zorrotza beharrezkoa bada ere, ezin da espazio hori eskuineko alderdien esku utzi.

Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako zinegotzi ordezkariak Sarasate pasealekuaren etorkizunaz ere hitz egin du. Azaldu du helburua espazioa modernizatzea dela, eta lanak hurrengo udal hauteskundeak baino lehen amaitzea espero dutela. Aurtengo sanferminetan, obren ondorioz, pasealekuaren zati bat itxi eta beste eremu batzuetan lanak aldi baterako eten behar izan dituzte.

Izagirrek nabarmendu du hiri barruko berdeguneek funtsezko eginkizuna dutela klima aldaketari eta bero boladei aurre egiteko. Esan du eskuineko alderdiek Iruñea nahikoa berdea dela dioten arren, hainbat auzotan oraindik gabeziak daudela. Horregatik, hiriko kanpoaldean babes klimatiko gune berriak garatzen ari direla azaldu du. Lan horiek obra ugari ekarri dituztela onartu du, eta herritarrei pazientzia eskatu die, etorkizunean hiriarentzat onuragarriak izango direlako.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!