Urtero bezala, uztailaren 8an German Rodriguez oroituko dute Iruñean, 1978ko Sanferminetan Poliziak tiroz hil zuen LKIko militantea. Aurtengo omenaldiak, ordea, memoriaz harago joan nahi du: Sanfermines 78 Gogoan eta Gasteizko Martxoak 3 elkarteek elkarrekin aldarrikatuko dute Espainiako Estatuak bere gain har dezala bi sarraskietan izan zuen erantzukizun politikoa, eta biktimei egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko urratsak egin ditzala.
Bi kolektiboek urteak daramatzate elkarlanean, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia eta 1978ko Sanferminetako errepresioa ahanzturatik ateratzeko lanean. Haien esanetan, bi auziak hamarkadetan zigorgabetasunak eta isiltasun instituzionalak baldintzatu dituzte. Horri aurre egiteko, "Estatua erantzule" ekimena aurkeztu dute hainbat erakundetan. Ekimenak Espainiako Gobernuari, Barne eta Defentsa ministerioei nahiz gainerako erakundeei eskatzen die gertatutakoa ofizialki aitortzea eta biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko dituzten eskubideak bermatzea, halako gertaerak berriz ez errepikatzeko.