Rakel Arjol eta Rafa Gorria: "Jendearen alaitasunak Iruñeko peñen lanak merezi duela berresten digu"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 8a

Muthiko Alaiak eta Sanduzelaiko San Fermin peñetako presidenteak izan ditugu gaur gurean: Rakel Arjol eta Rafa Gorria. Peñak Sanferminen bihotza direla diote, eta haien esanetan, ezinbesteko lana egiten dute festen izaera herrikoia eta parte-hartzailea urtez urte bizirik mantentzeko.

Sanferminetako irudi adierazgarrienetako bat bizi izan zen uztailaren 7ko arratsaldean. Prozesioaren ondoren, peñek euren egoitzetatik abiatu eta txarangek lagunduta trabeskatu dute Iruñeko Alde Zaharra, Zezen Plazarako bidean. Bero itogarria gorabehera, ehunka peñakidek ez diote hutsik egin hitzorduari, eta karrikak musikaz, dantzaz eta kolorez bete dituzte berriz ere. Ibilbidean, ura, izotza eta freskatzeko baliabideak ezinbestekoak izan dira, nahiz eta giroak ez duen indarrik galdu. Askok askaria ere prestatzen dute plazan bertan gozatzeko.

Azken urteotan, gainera, gazteen parte-hartzea nabarmen handitu dela diote peñek, eta belaunaldi berriak indartsu batu dira sanferminetako giro herrikoira. Aurtengo pankartei begira, Palestinaren egoera, Donald Trump, feminismoa, ekologismoa eta eskuin muturraren gorakada dira hizpide nagusi. Federazioak gogorarazi du, halaber, peñek indarkeria matxistaren aurrean tolerantzia zeroko jarrera dutela, eta emakumeentzako espazio seguruak izaten jarraituko dutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!