Josu Txueka: "78ko Sanferminen auzia aztertzeko Madrilen ireki den bidea itxaropentsua da, baina mesfidantza ere badugu"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 8a

Urtero legez, uztailaren 8an German Rodriguez LKIko militantea oroituko dute. Aurtengo ekitaldian, ordea, 1978ko Sanferminetako erailketan Estatuak izan zuen erantzukizuna aitortzea izanen da aldarri nagusietako bat. Horretarako, Gasteizko Martxoak 3 elkartearekin bat egin dute, egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko.

Mende erdi pasa da ia espainiar poliziak German Rodriguez militante komunista erail zuenetik. Gertakari horiek urtero daude presente Iruñeko besta nagusietan, eta aurten ere, ekitaldia antolatuko du Sanferminak 78 Gogoan kolektiboak Orreaga karrikan Rodriguezen omenez paratua den hilarrian.

Aurten, Gasteizko Martxoak 3 elkarteko kideekin aritu dira lankidetzan. Memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten bi kolektibook, berriki, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskiaren eta 1978ko sanferminetako gertakarien erantzukizun politikoa bere gain har dezala galdegin diote Espainiako Estatuari. 

Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertakarietan espainiar Poliziak bost langile hil zituen tiroz, Zaramaga auzoko elizan biltzar bat egiten ari zirelarik. Bi elkarteek gogorarazi dute urteak daramatzatela elkarlanean, bai Gasteizko sarraskiaren bai 1978ko sanferminetako biktimen aitortza eta justizia eskatzeko. Haien ustez, bi gertakariak «ezkutatzeak eta zigorgabetasunak» markatu dituzte hamarkadetan, eta horri buelta eman nahi diote "Estatua erantzule" izendatu duten ekimenaren bidez.

Ildo horretan, hainbat erakundetan aurkeztu duten ekimenak Espainiako Gobernuari eta estatuaren gainerako erakundeei erantzukizuna ofizialki onartzea eskatzen die. Zehazki, Gobernuari, Barne eta Defentsa ministerioei, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Ordezkaritzei eta Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Fiskaltzari neurriak hartzeko galdegin diete, biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea bermatzeko eta halako gertakariak berriz ez errepikatzeko.

Ekimen hori Kongresuan ere aurkeztu dute, eta legez besteko proposamenak EH Bildu, EAJ, Sumar, BNG, Compromís eta Talde Errepublikanoaren babesa jaso du. Elkarteek nabarmendu dutenez, helburua ez da iraganera begiratzea soilik, baizik eta estatuak izandako erantzukizuna aitortzea eta biktimentzako justizia bermatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!