Lehertu da jaia Iruñean, larrialdietako langileen eskutik

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 6a

Araceli Sergio eta Clint Jean Louis Fernandez osasun larrialdietako zerbitzuko kideek piztu dute aurtengo Sanferminetako metxa. Txupinazoaren kontakizuna zuzen zuzenean eskaini dugu Euskalerria irratian.

Suziriaren eztandarekin batera, milaka lagunek urte osoan pilatutako irrika askatu dute Iruñeko udaletxeko plazan. Abiatu dira Sanferminak, aldi honetan, Osasun larrialdietako langileen eskutik. Araceli Sergio eta Clint Jean Louis Fernandez izan dira zehatz mehatz metxa pizteko ardura eta ohorea izan dutenak. 

Goiza beroa eta jendetsua izan da. Eguzkia goizetik gogor agertu da, baina tenperaturak ez du inor etxean utzi. Alde Zaharreko karriketan ohiko irudia errepikatu da: zapi gorria soinean, edalontzia eskuan eta lagunartean. Hamaikak pasatzerako, ia ez zen zirrikiturik gelditzen Udaletxe plazaren inguruan. "Iruindarrok, gora Sanfermin" oihuaren ondotik zapartatu da txupina zeruan, eta oinak lurrean jarrita zituzten milaka pertsonen algara lehertu da plazan. 

Txupinazoak, ordea, ez du sekula mezu bakarra izaten. Festarekin batera, plaza aldarrikapenerako erakusleiho ere bihurtu da. Ikurrinak, euskal presoen aldeko banderak, Palestinarekiko elkartasuna adierazten zuten ikurrak eta bestelako pankartak agertu dira jendetzaren gainetik. Sanferminetan ere, festa eta aldarrikapena eskutik joaten dira maiz. Bien bitartean, segurtasun dispositibo handia lanean aritu da. Sarbideak kontrolpean egon dira, eta polizia ugari ikusi da Alde Zaharrean. 

Eta orain bai, martxan da dena. Aurtengo sanferminek 516 ekitaldi bilduko dituzte bederatzi egunetan: entzierroak, erraldoiak, musika, su artifizialak, dantzak eta milaka istorio txiki. Bihar goizean lehen zezen lasterketa izanen da, baina gaurkoak erakutsi du festa dagoeneko kalean dela.

Iruñeak berriz ere bere urteko aste berezienak ireki ditu. Eta behin suziria lehertuta, denak daki gauza bera: hemendik aitzina, hiria ez da berriz ohiko erritmora itzuliko uztailaren 15ko goizaldera arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!