Liburu azoka bukatutakoan hasi ziren Karrikiri Elkarteko kideak Sanferminetako prestaketekin. Urteetan salmentan jarri dituzten kamiseta eta zapi sorta bildu dute eta ‘Kamiseta mitikoak’ izenburupean jarri dituzte salgai. “Kamisetak, festa ulertzeko eta kontatzeko modu bat dira. Marrazki desberdinak bildu ditugu, beti ere jaiarekin lotuta”, adierazi digu Jon Bujanda, Karrikiriko kideak. Klasiko horien artean aurkituko ditugu zaldiko-maldikoak, kantuak, dantza edota mendia maite duen zezena.
Arropaz gain, hainbat liburu ere gomendatu dizkigu Jon Bujandak. Felix Urabayenek 1925ean idatzitako eta joan den urtean Pamielak argitaratutako Auzo madarikatua, Ernest Hemingwayren Festa eleberri euskaratua edota duela hamar urte gertatutako talde bortxaketaren inguruko Nik sinesten dizut. Umeentzako proposamenak ere luzatu dizkigu Karrikiri Elkarteak.