Goxo egoteko eta goxo bazkaltzeko proposamen berria jarri du martxan Paris 365 jantoki solidarioak: Iruñeko jatetxeekin batera hilean behin menu bereziak prestatzea. Paris 365eko boluntario eta sukaldariek hiriburuko beste jatetxeetakoekin batera jaki eta plater landuagoak egingo dituzte hilabeteko azkeneko ostegunean.
Ekimena ekainaren 25en jarriko da martxan Baserriberri jatetxeko sukaldaria den Iñaki Andradasekin. "Beti esaten dugu elikadura premia bat dela, baina baita aitzakia ere mahai baten inguruan eseri eta konpainiaz zein janariaz gozatzeko. Erabiltzaileei aukera horretatik hoberena eskaintzen laguntzea nahi dugu, goi mailako bazkari batekin", aurreratu digu Mikel Urabayenek, Paris 365eko kideak. "Urte oso batez jarraitu nahiko genuke, gutxienez. Denbora horretan, gure ingurune hurbileko 12 sukalde nabarmenek parte hartuko dute eta Makrok produktua dohaintzan emateko konpromisoa hartu du".
Euskalerria Irratiko Guardasola saioan Mikel Urabayen elkarrizketatu dugu Goxo proiektuaz hitz egiteko.