Osasunaren bi talde nagusiek, gaur-gaurkoz, ez dute entrenatzailerik. Gizonezkoen taldeak teknikariz aldatu du azken hiru denboraldietan, beraz, asmatzea dagokio Braulio Vazquez kirol zuzendariari. Emakumeen taldean, berriz, amaiera eman zaio Josu Dominguezen aroari. Teknikari iruindarra hiru urtez eseri da gorritxoen aulkian.
Imanol Alguacil, Beñat San Jose, Carles Martinez, Jose Bordalas… Hainbat teknikari lotu dira azken bi asteetan Osasunarekin. Alabaina, Nafarroako taldeak oraindik ez du entrenatzailerik, eta beraz, datorren urteko taldearen plangintza nahiko geldi dago oraindik. Logikoa da: jokalariak fitxatu aurretik, hobe da teknikari berria nor izango den eta taldea nola osatu nahi duen jakitea.
Ez dirudi Braulioren erabakiak oso luze hartuko duenik, eta aste honetan, beharbada, prestatzaile bat izendatzeko moduan izango da. Bien bitartean, kontratua luzatu die jokalari batzuei: lehena Kike Barja izan zen, eta joan zen astean Raul Garcia de Harok beste bost urterako berritu zuen. 2031ra arte jantziko du elastiko gorritxoa kontratua betetzen badu. Victor Muñozi eustea, ordea, zaila izango da, oso talde indartsuak baititu atzetik.
Emakumeen Osasunak ere entrenatzaile berri bat izendatu beharko du. Azken hiru urteetan Josu Dominguezen esanetara izan da, baina aldaketa sakonak izango dira datorren denboraldira begira. Lehenik, kluba uztea erabaki zuen Mai Garde kirol zuzendariak, ez baitzegoen ados klubak bultzatu nahi duen eraldaketarekin. Entrenatzailea izan da irteten hurrengoa, eta udan, ziurrenik, jokalarien joan-etorri handia izango da.
Era berean, gaur jakin da Osasunak 1,2 milioi euroko aseguru-poliza bat kontratatu zuela jaitsierak ekarriko zituen kalte ekonomikoei aurre egiteko. Albisteak hautsak harrotu ditu, batez ere prozeduraren nolakotasunagatik.
Hori guztia aztergai izan dugu Kirolerriko Osasun-etxean.