Hilabetero moduan Geltokiko kultur agendari errepasoa emango diogu, ohikoa denez ekitaldiz beterik datorrelako ekaina ere. Musikaz, gastronomiaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu oholtza gainean. Aste honetan Ekotopaketa antolatu dute, Baserriberriko sukaldaria den Walter Albujarekin. Zainzuriak, almendra txigortuzko eta zainzurien ajoblankoarekin, oliba eta amuarraina platera presatzeko eta dastatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Horrekin batera Geltokiko sukaldariek prestatutako hiru plater eskainiko dituzte.
Ekainaren 5ean Szenatoki zikloaren barruan Mitxoletak abesbatzaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu. Mitxoletak abesbatza zangozarra ahots eta musikarekiko sentsibilitate desberdinak biltzen dituen talde korala da, elkarrekin kantatzearen gozamenaren inguruan sortua. Bere errepertorioak sustrai folklorikoko abestietatik hasi eta gaur egungo konposizioetaraino hartzen ditu, a capella interpretazioak piano eta gitarraren laguntzaz egindako piezekin uztartuz. Arratsaldeko 7,30ean izango da eta sarrera doan da.
Ekainean zehar bestelako ekimen interesgarriak ere antolatu ditu Geltokik, besteak beste, Uharte Zentroarekin elkarlanean erakuste kolektibo interesgarria, Insallah oxala ojala antzerki komunitarioa edota Moisés no duerme abeslariaren kontzertua.
Irrintzi Plazan Amets Aznarez Geltokiko kultura programatzailea gonbidatu dugu agendaren inguruko xehetasunak jasotzeko. Informazio guztia www.geltoki.red webgunean aurkituko duzue.