Sabino Cuadra (78ko Sanferminak Gogoan): “Iruñean alde eta Parlamentuan kontra agertu da PSN testu berdinaren aurrean, ulergaitza egiten zaigu”

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 29a

Madrilgo Gobernuari 1978ko Sanferminetako gertaera larrien erantzukizuna bere gain hartzeko mozioa ez zen onartu PSNren abstentzioarekin eta eskuineko alderdien kontrako botoekin

78ko Sanferminak Gogoan eta Martxoak 3ko Biktimen Elkarteek eskatuta mozioa eztabaidatu zen atzo Nafarroako Parlamentuan. Madrilgo Gobernuari eskatzen zion bere gain hartzeko 1976ko Gasteizko sarraskiaren eta 1978ko sanferminetako gertaera larrien erantzukizuna, eta galdegiten zion gobernuburuari horri buruzko adierazpen ofizial bat egitea. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekinek aurkeztu zuten proposamena. PSN abstenitu zen eta eskuinak kontra bozkatu zuen lehengo bi puntuetan. Hirugarrenean berriz, UPNk alde bozkatu zuen. Bertan, Espainiako Gobernuari eta hari lotutako erakundeei eskatzen zaie biktimen egiarako eskubidea aitortzeko urratsak egiten segitzeko.

PSNren jarrera ulergaitza iruditzen zaio Sabino Cuadra, 78ko Sanferminak Gogoan Elkarteko bozeramaleari. Testu beraren alde bozkatu baitzuen Iruñeko Udalean.

Kongresuan ere mozioa aurkezteko prest agertu dira eta horretarako bilera egin zuten asteazkenean EH Bildu, EAJ, Sumar, BNG, ERC eta IUrekin. Alderdiek mozioa aurkezteko konpromisoa hartu zutela aurreratu digu Cuadrak, “naiz eta ikusita zein nahasita dagoen giro politikoa, ez dakigu noiz eztabaidatu ahal izango den”.

2018an jada Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatu zuen 1978ko Sanferminen gertakariekin lotutako dokumentu guztiak desklasifika zitzan. Baina, dokumentu horiek ez dira sekula desklasifikatu; are gehiago, Gobernu zentralak ez dio sekula erantzun Nafarroako Parlamentuak egindako eskaerari.

Metropoli Forala saioan Sabino Cuadra, 78ko Sanferminak gogoan elkarteko kidea gonbidatu dugu atzokoa mozioaren eztabaidaz hitz egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!