Iruñeko Erorien Monumetua adieraberritzeko bi proposamen

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 25a

"Harriak Hitz" proiektuak kupulako tenpleteak eta linterna kenduko lituzke, zokalo handi bat sortuko luke eraikinaren oinarrian eta kripta bilakatuko luke eraikineko sarrera. "Itzaletik Argira" proposamenak arkuteriak osoki kendu, kripta hustu eta kristalezko begiratoki bat paratuko luke kupularen oinarrian.

Iruñeko Erorien Monumentua adieraz berritzeko nazioarteko lehiaketak baditu dagoeneko azken bi hautagaiak: “Harriak Hitz” eta “Itzaletik Argira”. Bi egitasmoek beste hemeretzi proposamen gainditu dituzte, eta hemendik aurrera herritarren parte-hartze fase batera igaroko dira.

Bi proiektuek eraikinaren egitura nagusia mantentzea planteatzen dute, baina aldaketa zenbait proposatzen dituzte kupulan, kriptan eta eraikinak hiri espazioarekin duen harremanean. Izan ere, eraikinaren izaera monumentala eta sinbolikoa “desaktibatzea”, eta herritarrentzat irekitako espazio berri bat dela iradoki nahi lukete proposamenok. Horretarako, egungo eskailera monumentala kentzea aurreikusten dute, eta museo-memorialaren sarrera nagusia plazaren maila berean kokatzea.

Udal ordezkarien iritziz, “Harriak Hitz” proposamenak diseinu horizontalago eta soilago baten alde egiten du. Antonio Vaillo i Daniel arkitektoak eta Santiago de Navascués memoria historikoan adituak gidatutako taldeak kupulako tenpleteak eta linterna kentzea proposatzen du, eta kupula fatxadako harriekin estaltzea. Horrez gain, kriptaren parean zokalo handi bat sortzea aurreikusten du, eraikinaren inguruan oinezkoentzako ibilbide berriak eratuz. Proiektuaren arabera, kripta izanen litzateke museoaren sarrera nagusia.

“Itzaletik Argira” proposamenak, berriz, kristalezko espazio argitsu berriak txertatu nahi ditu eraikinean. OM ARQ SLP, Voilà! estudioa eta Tesela SL taldeek osatutako egitasmoak alboko kalostrapeak kentzea aurreikusten du, eta kupularen oinarrian kristalezko begiratoki bat eraikitzea. Epaimahaiaren arabera, horrek Iruñeko skyline-a aldatuko luke eta eraikinaren irudi monumentala lausotzen lagunduko luke.

Epaimahaiak lau irizpide nagusi hartu ditu kontuan proposamenak baloratzerakoan: monumentuaren desaktibazio sinbolikoa, museo-memorial gisa izanen duen egokitzapen arkitektonikoa, ingurune urbanistikoaren antolaketa eta bideragarritasun tekniko zein ekonomikoa. Bi proiektuek puntuazio altuenak lortu dituzte atal guztietan. Hain zuzen ere,  “Harriak Hitz” proiektuaren aurrekontua 9,8 milioi eurokoa da; “Itzaletik Argira”rena, berriz, 10,5 milioikoa. 

Orain, prozesua herritarren esku geratuko da neurri batean. Ekainaren 10etik aurrera, bi proposamenak jendaurrean aurkeztuko dituzte Erorien Monumentuan bertan. Ondoren, bi astez ikusgai egonen dira, eta 16 urtetik gorako iruindarrek euren iritzia eman ahal izanen dute galdetegi baten bidez. Jasotako ekarpenekin, udalak behin betiko proposamena aukeratzeko hurrengo fasea prestatuko du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!