Lehenengo aldiz antolatu dute elkarlanean Nafarroako Munduko Medikuak, Afrikako Loreak eta Black Power elkarteek Afrika Jaialdia. Hala eta guztiz ere, Afrikako Loreak elkartea hamar urte baino gehiago darama Afrikaren eguna ospatzen maiatzaren 25aren inguruan. Oraingoan indarrak batu dituzte eta aldarrikapena eta jaia uztartu nahi dituzte, ahalik eta herritar gehienengana iristeko.
“Ezagutzarekin eta informazioarekin egin behar diegu aurre aurreiritziei. Horregatik gure helburu nagusia da Afrikatik etorritako pertsonen bizipenak eta egoera gizarte osoari jakinaraztea. Elkar ezagutzea da lortu nahi duguna jardunaldi honen bitartez. Afrika egoera zailean dago eta laguntza behar du, baina gerrez gain askoz gehiago ere bada. Ez dugu folklorea bakarrik aldarrikatu nahi, kontinente honen orainaz eta geroaz hausnartu nahi dugu”, adierazi digu Jaione Eugi, Nafarroako Munduko Medikuak elkarteko kideak.
Helburuen inguruan hitz egiteko eta maiatzaren 23an antolatutako ekitaldiei errepasoa emateko Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiora hurbildu da Jaione Eugi.