Sara Zozaya abeslari donostiarrak kontzertua eskaini du Iruñeko O-ko Andre Mariaren plazan ‘Kantu eta Hitza’ zikloaren barruan. Besteak beste, azaroan kaleratutako azkeneko EParen abestiak aurkeztu ditu. “Gehiegi pentsatu gabe noa kontzertuetara. Badakit zer jo behar dudan, baina asko aldatu daiteke emanaldia lekuaren arabera eta jendearen arabera”, adierazi digu Sara Zozayak.
Bere azkeneko lanak Attä du izena. “Harrera ona izan du, bere bidea egiten ari da eta bideaz gozatzen ari naiz. Gustura geratu naiz egindakoarekin. Oraingo garaietan dena oso azkar kontsumitzen dugu eta lan hau patxadaz entzutekoa da”. Perkusiorik gabeko abestiak dira, mimoz grabatutakoak. “Kantuak produzitzera iristeko bizitzan eraldaketak behar dira. Bestela ez duzu kantuak sortzeko beharrik”.
Disko berri honetako bi kantuetan Castillo Suarezen poemak eta hitzak jaso ditu Zozayak. “Poemak tiroak izan daitezke, samin handia eragin dezakete hitzek, deseraiki zaitzakete”. Bere aitari aitortza egiten dio Elurra kantuan. Pakistango Gasherbrum mendira igo zen 1992an. Mendia igotzearen zailtasunen eta bizitzan aurkitu daitezkeen oztopoen arteko paralelismoa egin nahi izan du Zozayak abestian.
Lehen aldia izan da Iruñean zuzeneko emanaldia eman duela eta aurretik Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazara hurbildu da Sara Zozaya.