Osasunak oso kolpe gogorra jaso zuen atzo Sadarren, Espanyolen kontra 1-2 galduta. Final bat zen mailari eusteko borrokan, eta gorritxoek ez zuten neurria eman. Nortasun eta argitasunik gabeko taldea izan zen atzo Osasuna, eta antsietateak jota aritu zen bere zaleen aurrean. Ondorioz, oso ataka zailean joango da Getafera. Jaitsieraren amesgaiztoa errealitate bihurtu liteke.
Iratzargailua jo eta jo izan zuen atzo talde nafarrak. Puntu bat lortzea aski zukeen salbazioa berresteko, baina horren ordez, jarraipena eman zion azken asteetako bolada makurrari, eta esku hutsik gelditu zen laugarrenez jarraian. Mingarria izan zen emaitza, baita neurketaren garapena ere. Ezin da esan Espanyolek garaipena merezi izan zuenik, baina era berean, gorritxoek ez zuten eskaini atzokoa bezalako final batek eskatzen dituen grina, sendotasuna eta kalitatea.
Kataluniarrek 26. minutuan hartu zuten aurrea, falta baten aldaratzean Carlos Romerok egindako jaurtiketa zital bati esker. Osasunaren erantzuna atsedenaren ondore iritsi zen, hura ere aldaratze batean eta areaz kanpotik: Victor Muñozen sinadura eraman zuen gorritxoen golak. Momentu horretan, salbazioa patrikan zuen Osasunak, baina pozak lau minutu besterik ez zion iraun: Kike Garciak zigortu egin zuen nafarren ahulezia defentsiboa. Hortik aurrera, nahi eta ezin aritu zen Lisciren taldea, eta Sadarrek ez zuen guztiz bultzatu. Zaleak shock egoeran zeuden, eta hainbatek haserrea ere adierazi zuten.
Gauzak hala, Osasuna bizi arriskuan ariko da Getafen. Irabazi edo berdindu ezkero, onik eta osorik amaituko du denboraldia. Baina berriz ere galduko balu, Elx, Girona eta Mallorcaren emaitzen menpe egongo litzateke. Gaur-gaurkoz, bi puntura eta bi postura du jaitsiera.
Horren guztiaren inguruan mintzatu gara Kirolerriko Osasun-etxean.