Sanferminak iragartzeko kartela aurkeratzeko epea gaur amaituko da

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 4a

Iruñean erroldatuta daudenek gaur arte bozkatzen ahal dute 2026ko sanferminak iragarriko dituen kartela. Hamar proposamenak, denak desberdinak, Kondestablearen jauregian bisitatzen ahal dira eta www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu webguneetan daude ikusgai.

Herritar bakoitzak boto bakarra ematen ahalko du, maiatzaren 4ra bitarte, honako bide hauetatik: 010 Herritarrendako Arreta telefonora deituta (mugikorretik edo Iruñetik kanpoko tokiren batetik deituz gero, 948 420 100 telefonoa erabili behar da) eta, aurrez aurre, Civivox sareko zentro guztietan instalatutako boto-ontzietan. 010ean bozkatzeko epea maiatzaren 4an, 19:00etan amaituko da eta Civivox sarean, egun berean, 22:00etan. Telematikoki ere bozkatzen ahal da www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu webguneetan, maiatzaren 4ko (astelehena) 23:59era arte.

2026ko sanferminetako kartel lehiaketako berritasunak prentsaurrekoan ezagutzera eman dituzte Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak eta Íñigo Gómez Eguíluz alorreko zuzendariak, eta epaimahai profesionaleko kideekin batera aurkeztu dituzte aukeratutako hamar kartelak. Honako hauek dira hamar lan finalistak, dagozkien bozketarako zenbakiarekin eta plika-zenbakiarekin: 

•    1. kartela. 3932. plika. Erritmoa eta pasioa
•    2. kartela. 3955. plika. Elkarrekin
•    3. kartela. 4059. plika. Bakea eta maitasuna
•    4. kartela. 4081. plika. Kuadrilla
•    5. kartela. 4117. plika. Esther Aratak koloreen, letren eta zenbakien nahasketa aurkezten du
•    6. kartela. 4163. plika. Festaren atalak
•    7. kartela. 4285. plika. Zatoz, ikusi... bizi!
•    8. kartela. 4372. plika. Sanferminetako postala: gau argitua
•    9. kartela. 4384. plika. Tradizioaren aurpegia
•    10. kartela. 4390. plika. Dena gorriz hasten da

Aurkeztutako 488 lanen artean, aukeratutako 10 finalistek agerian uzten dute jasotako proposamenen zabaltasuna eta aniztasuna. Lanetan askotariko begiradak ikusten ahal dira, hala ere sanferminetako iruditeriaren elementu ikonikoak nabarmentzen dira, hala nola, santua, entzierroa, konpartsa eta musika. Era berean, askotariko teknikak erabili dituzte, hala nola, irudi digitala, ilustrazioa, collagea eta marrazkia. Emaitza tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituen lagin orekatua da, jaien inguruko sorkuntzen aberastasuna agerian uzten duena.

Boto gehien eskuratzen dituen kartela 2026ko sanferminetako irudia izanen da, eta 5.000 euroko sari bat eskuratuko du. Herritarrek bozkatzeko aldirako hautatutako beste 9 kartelek 500na euro jasoko dituzte, lehiaketako azken aldian parte hartzeko egindako lanagatik.
Lehiaketaren fase honetan, oinarriek berariaz debekatzen dute parte hartzen duten lanen egileen datuak zabaltzea. Parte hartzea anonimoa da, eta hala izan behar du lehiaketaren fase guztietan. Parte hartzaileek ezin izanen dituzte kartelen irudiak zabaldu (hautatuak izan edo ez), ezta egileak nor diren esan ere, harik eta kartel irabazlearen aurkezpen ofiziala egiten den arte.

Anonimotasunaren betebeharrari buruzko oinarriak ez betetzea arau-hauste larritzat hartuko da. Arau-hauste larri horrek izanen duen zehapena da, aurtengo ediziotik automatikoki kanporatuta geratzeaz gainera, ezinen dela lehiaketara 3 urtez aurkeztu. Adimen artifizialaren bitartez osorik edo partzialki sortutako obrak ezin dira saritu.

2026ko edizioan Íñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako eta Kiroleko alorreko zuzendaria izan da epaimahaiburua. Eta hauek izan dira epaimahaikideak: Roberto Barbero Goñi Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako irakaslea; Agustín Ferrer Casas arkitekto tekniko, ilustratzaile eta komikigilea; Maite Mutuberria Larraiotz ilustratzaile eta Euskal Irudigileak taldeko kidea; Ana Pérez Errea Estudio Erreako diseinatzailea eta Nafarroako Komunikazio Enpresen elkarteko kidea; Amaya Suberviola García arte ederretan lizentziatua eta artista, eta Javier Manzanos Garayoa Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikaria. Idazkaria Lidia Aguerri Hermoso de Mendoza Kulturako, Jaietako, eta Kiroleko Alorreko administraria izan da.

Nola parte hartu herri-bozketan
Iruñean erroldatuta dauden eta bozketan parte hartu nahi dutenek I www.pamplona.es/eu eta www.pamplonaescultura.es/eu udal-webguneetan bozkatzen ahal dute. Bozkatu ahal izateko, posta elektronikoko helbide bat izan beharko dute. Hamar proposamenen artean gogokoen duten kartela aukeratu eta gero, inprimaki bat bete beharko dute: NANa, AIZa edo pasaportea (hizkiak barne) idatzi beharko dute, baita izen-abizenak eta baliozko helbide elektroniko bat ere. Sistemak esteka bat bidaliko du emandako helbide elektronikora, eta esteka hori baliozkotu beharko da botoa gauzatzeko. Bakoitzak boto bakar bat ematen ahalko du.

010 – 948 420 100 Herritarrendako Arreta Telefonoaren bidez bozkatzen dutenek NANa, AIZa edo pasaportea (hizkiak barne) eman beharko dute, baita izen-abizenak ere. Aurrez aurreko bozketa egiteko Civivox Sareko zentroetara joan eta bertan eskuragarri dauden boto-paperak erabiltzen ahal dira, eta NANa ere sartu behar da gutun-azalean. Datuak alderatuko dira bikoiztasunak ekidite aldera.

Sanferminetako kartela aukeratzeko egiten den hamazazpigarren herri-bozketa da. Parte hartzeko prozesua 2008an abiatu zen, eta 2020an eta 2021ean ez zen egin, koronabirusaren pandemiaren ondorioz jaiak bertan behera geratu baitziren. 

Parte-hartzeari eutsi zaio
Sanferminak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketaren edizio honetara 488 lan aurkeztu dira, aurreko urtekoaren (490) antzeko kopurua. 488 proposamenen artean, 291 (guztien % 59,6) Nafarroatik heldu da, eta 8 atzerritik: 3 Estatu Batuetatik, 1 Kanadatik, 1 Frantziatik, 1 Erresuma Batutik, 1 Ekuadorretik eta 1 Andorratik.

Nafarroatik heldu diren 291 karteletatik, 160 Iruñetik datoz, erdia baino gehiago.189 lan beste erkidego batzuetatik datoz, batez ere Madrildik (40) eta Euskal Autonomia Erkidegotik (37): 17 Gipuzkoatik, 15 Bizkaiatik eta 5 Arabatik. Valentziako Erkidegotik 23 proposamen jaso dira: 11 Valentziatik, 6 Alacantetik eta 6 Castellonetik; 18 Kataluniatik: 16 Bartzelonatik eta 2 Gironatik; 17 Gaztela eta Leonetik: 7 Burgosetik, 3 Soriatik eta 3 Leoitik, besteak beste; 16 Andaluziatik: 5 Sevillatik, 3 Cadizetik, 3 Malagatik eta 2 Almeriatik, besteak beste: 15 Aragoitik: 11 Zaragozatik eta 3 Huescatik, besteak beste; 6 Gaztela-Mantxatik, 4 Galiziatik eta 3 Errioxatik. Gainera, beste probintzia batzuek ere parte hartu dute, parte-hartze txikiagoarekin bada ere: Kantabriako bik eta Balearretako beste bik, besteak beste. 

Adinen arabera 30 eta 49 urte bitartekoak dira nagusi (193) eta 50 urtetik gorakoek aurkeztutako lan kopurua ere nabarmena da (168).  18 urtetik beherakoek 18 kartel aurkeztu dituzte eta 19 eta 29 urte bitartekoek 109. Generoari dagokionez, gizonezko egileak dira nagusi % 57,3 aurkeztu baitira, emakumeak berriz % 41,8 izan dira; arrakala urteekin laburtzen doa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!