Onerako zein txarrerako, erabakigarria zen atzo Sadarren jokatu zen partida. Irabazi ezkero, Osasunak emantzat jo zezakeen salbazioa, eta arreta osoz begira ziezaiekeen Europako postuei. Galdu ezkero, ordea, jaitsieraren mamuak gainera etorriko zitzaizkion. Bada, hamar minutuz, Sevilla aurretik izan zen markagailuan, Neal Maupayk 0-1ekoa egin baitzuen 69. minutuan.
Osasunak ohi baino grina eta txinparta gutxiago izan zuen Sadarren, eta kontrako gola kolpe gogorra izan zen gorritxoentzat. Ordea, ez zuten amore eman, eta iraultzaren bila abiatu ziren azken txanpan. Raul Garcia de Harok dotore berdindu zuen partida; gero, geldiketa aparta egin zion Vlachodimos atezainak; eta partida amaitzear zela, Moi Gomezek baloia erdiratu, eta Catenak sareratu egin zuen.
Zoramena piztu zen Sadarren, eta ez da gutxiagorako. Osasuna Lehen Mailan ariko da beste urte batez, eta ikusteko dago Europan zehar bidaiatuko duen edo ez. Aukera, behintzat, hor dago: seigarren postua bi puntu eskasera dauka.
Liga amaiera makala ari da izaten, ordea, emakumeen Osasuna. Galdu egin ditu azken lau partidak; larunbatean, 1-0 gailendu zitzaion Lleidako AEM taldea. Etxekoek 77. minutuan apurtu zuten berdinketa, Peñalverren bitartez, eta gorritxoak ez ziren erantzuteko gai izan. Kolpe gogorra da Josu Dominguezen taldearentzat, azken jardunaldian playoffeko txartela galtzeko arriskua izango baitu. Larunbatean Alaves ahaltsua hartuko du Taxoaren.
Hori guztia mintzagai izan dugu Kirolerriko Osasun-etxean.