Kolpe trukaketarekin hasi zen partida, eta Betisek zazpigarren minutuan hartu zuen aurrea, Abde gorritxo ohiaren bitartez. Marokoarrak gertu izan zuen gero 0-2ko gola, baina Sergio Herrerarekin egin zuen topo. Osasunak bereari eutsi zion, eta neurketa orekatu zuen aldageletara joan aurretik. Gola Budimirrek egin zuen, nork bestela. Hamasei daramatza dagoeneko.
Bigarren zatian, Osasuna izan zen talderik onena, argi eta garbi. Baina nagusitasuna ez zen markagailuan islatu. Nafarrek pipertu samar amaitu zuten partida, epailearen erabakiek eraginda. Aimar Orozi penaltia egin ziotela eta Cucho Hernandezek txartel gorria merezi zuela iruditu zitzaien.
Emakumeen taldeak, berriz, apirilaren 4ean jokatu zuen azkenekoz, eta datorren astera arte egongo da geldi. Etenaldira oso bolada txarrean joan zen: galdu egin zituen azken bost partidetatik lau, eta puntu bakarra lortu zuen tarte horretan. Bi partida besterik ez zaizkio gertatzen fase erregularra bukatzeko: AEM eta Alaves izango ditu aurkari. Oraindik ez du guztiz ziurtatu playoffetako txartela.
Hori guztia mintzagai Kirolerriko Osasun-etxean.