Jai edo ospakizun batean udal batek egiten duen ardo edo janariaren banaketa ekitaldiak dira auzateak. Oso ohikoak batez ere Sakanan. Orain auzatearen ohitura Iruñera iritsiko da Katakrakeko kantinaren eskutik.
Urtaro bakoitzean errepikatzeko asmoa dute eta igandean, apirilaren 5ean, Udaberriaren etorrera ospatzeko jaia prest dute. 13:30ean hasiko da udaberriko auzatea Aitor Txarterinaren pregoiarekin. Ondoren, Maialen Lujanbio eta Amets Arzalluz bertsolariez, 54 fanfarreaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Eta noski, jatekoa eta edatekoa ez da faltako.
Aste Santuan Katakrakeko kantinak ez ditu ateak itxiko. Bihar eta etzi eguneko menuak eskainiko dituzte eta asteburuan menu berezia izango dute.