Gaur goizaldean Oscar sarien banaketa ekitaldia egin dela baliatuz, esan daiteke atzo gauean Osasunak alfonbra gorria ipini ziola Realari. Gorritxoak txuri-urdinen mende egon ziren Anoetan jokatu zen derbian, eta jarraipena eman zieten Real Madrili irabazi ziotenetik pilatu dituzten sentsazio txarrei.
Donostiatik Europa urrutiago ikusten da. Osasunak indarra galdu zuen atzo ohorezko postuetan sartzeko borrokan. Gora begiratu nahi duen beste talde bat izan zuen aurrean, eta partidari gogotsu ekin arren, hondoratu egin zen minutuen joanean. Oiartzabalek penaltiz egin zuen 1-0ekoa, aurrez bi aukera garbi huts egin ondoren. Eta jarraian, Braisen kalitateak eta Guedesen joak izoztua utzi zuten talde gorritxoa: 2-0.
Atsedenean aldaketak egin zituen Liscik, baina gidoia ez zen aldatu, eta 52. minutuan neurketa ia erabakita utzi zuen Guedesek. Osasunak, bere txarrean, emaitza apaindu zuen azken txanpan, Barjaren eta Victorren kemenak bultzatuta. Ordea, kataluniarrak 3-1ekoa sartu ondoren, markagailua ez zen gehiago aldatu. Nafarrek Girona hartuko dute larunbat honetan.
Emakume gorritxoak, berriz, larunbatean itzuli ziren lehiara, hiru asteko etenaldia izan ondoren. Albacete aurkari zuzena hartu zuten etxean, eta puntuak banatu beharrean izan ziren (1-1). Palaciosek aurretik ipini zituen gorritxoak 10. minutuan, baina Benitezek banakoa ezarri zuen 20 minutu geroago. Puntu bat lortu ostean, Osasunak partida zaila izango du igandean, Valentziaren zelaian.
Hori guztia Kirolerriko Osasun-etxean aztergai.