Ez da konprenitzen ahal gerra! liburu ilustratuaren inguruko solasaldia antola du Karrikirik martxoaren 10ean, arratsaldeko zazpietan, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko areto nagusian. Santi Leonek egingo ditu aurkezpen lanak eta, nola ez, liburuaren egilea den Begoña Durruty ere bertan egongo da.
Titulua irakurrita egungo gerra eta sarraskien inguruan mintzatzen dela dirudien arren, Durrutyren liburuak joan den mendean gertatutako gerren inguruan ari da. Hala ere, izenburuak gaur egungo egoeraren inguruan ahotsa altxatzeko balio dezake. Liburu ilustratu honetan Durrutytarren historia kontatzen da. Begoñaren aitona Lehen Mundu Gerratik ihesi joan zen lehenik. Aita jaio eta hilabete gutxitara hasi zen Gerrate Zibila, eta azkenik, Aljeriako Gerran parte hartzera behartu zuen frantziar estatuak Gregorio Durruty.
Ilustrazio eta testuen bitartez, Begoña Durrutyk bere aitaren ibilbidea kontatuko du Aljeriako gerran. Paraxutista izan zen eta abioi batetik egindako salto baten ondorioz paraplegiko geratu zen. Gerraz galdetuta, aitak beti erantzun bera ematen zion Durrutyri: “Ez da konprenitzen ahal gerra!”. 2016an Denonartean argitaletxearekin argitaratu zuen lana.
Liburuaren inguruko solasaldia egin aurretik, Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazatik pasa da Begoña Durruty ilustratzailea.