Hilabetero moduan Geltokiko kultur agendari errepasoa emango diogu, ohikoa denez ekitaldiz beterik datorrelako martxoa ere. Hilabete honetan bi ziklo berri martxan jarriko dituzte. Lehenengoak Geldiunea du izena. Arte eszenikoetako ikuskizun desberdin batez gozatu ahal izango dugu. Agertokian izendatzaile komun bat: tokiko artistak. Edizio bakoitzean Nafarroako bi upategi familiarretako bi ardo ekologiko desberdin dastatzeko aukera izango dugu eta gainera Geltokiko sukaldariek hiru mokadutxo prestatuko dituzte. Martxoaren 5an antolatuko dute lehenengo aldiz eta Heriotzak Eduardo du izena taularatuko du Formol konpainiak. Arratsaldeko 7etan hasiko da eta sarrerak 20 euroan daude.
Bigarren zikloa dantzagarria izango da. Iluntze dantzaldiak du izena eta zuzeneko musikaz lagunduta hilero estilo desberdinak proposatuko dituzte. Lehenengoa, martxoaren 27an arratsaldeko 7etan izango da eta sarrera doakoa izango da. Senegaleko erritmoak ikasteko eta dantzatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek.
Irrintzi Plazan Amets Aznarez Geltokiko kultura programatzailea gonbidatu dugu agendaren inguruko xehetasunak jasotzeko. Informazio guztia www.geltoki.red webgunean aurkituko duzue.