Indartsu dator Irauliko egutegia martxoan zehar. Haur eta familientzako euskarazko eskaintza sortzea helburu duen elkarteak egitarau askotarikoa prestatu du, eta astebururo egonen da zer egin bertan.
Martxoaren 1ean, igandearekin, Xabier Garcia de la Piedadek psikomotrizitate saioak gidatuko ditu goizean zehar: 11:00etatik 12:00tara bitartean 1-3 urte bitarteko haurrentzat izanen da, eta 12:30etik 13:30era 3-6 bitartekoentzat.
Hurrengo larunbatean, martxoaren 7an, ipuinen txanda izanen da. Kamishibaiaren irakurketa eta sormen tailerra emanen du Leire Perezek. Ipuinaren ondoren, sormen tailerra burutuko du, non ume bakoitzak bere ipuin poltsa sortuko duen. Sei urtetik gorakoentzat izanen da. Asteburu horretan bertan, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute Iraulin. Diana Arbonies artistak gidatuko du sorkuntza tailerra, eta helburua emakume baten argazki batetik abiatuta, collagearen teknika erabili eta irudi berri bat sortzea izanen da.
Martxoaren 14an Legoa itzuliko da Irauliko espaziora. Kasu honetan, bi talde egingo dira. Alde batetik eraikuntza sortzailea jorratuko dute 4-8 urte bitartekoek. 8 eta 12 urte bitartekoek ere izanen dute beren espazioa, Master Lego saioarekin. Discover Bricksek gidatutako saioak harrera oso ona izan du aurreko saioetan, eta honetan ere familian jolasteko aukera emanen du Iraulik. Hurrengo egunean, Goizane Ardanazek yoga familian saio berri bat gidatuko du, igandearekin. 4 eta 9 urte bitarteko haurrek eta euren familiek parte hartu ahal izango dute bertan, 11:15etatik 12:30era.
Hurrengo asteburuan ere egonen da zer hautatu. Alde batetik, martxoaren 21ean Idoia Mugica zientzialariak familian, lagun artea, etxean eta gertuko materialekin jolasean zientzian murgilduko ditu parte-hartzaileak. 4 eta 10 urte bitarteko haurrentzat eta euren familientzat pentsatutako saioa da.
Guzti hau haurrentzako eskaintzari dagokionez, baina helduentzat ere egonen dira saioak. Berbetan zikloaren eskutik, martxoaren 20an eta 27an hitzaldi bana egonen da. Lehenengoan Mikel Cerezo izanen da hizlaria eta adikzioak izanen ditu mintzagai: sare sozialen erabilera arduratsua, arriskuen prebentzioa eta jarduteko jarraibideak izanen ditu hizpide adituak. Bestalde, martxoaren 27an Nerea Anso teknikaria izanen da hizlaria. Etxean irakurzaletasuna bultzatzeko eta irakurketaz gozatzeko hainbat aholku emango ditu. Saio hauek doakoak izanen dira, baina aurretiko izen-ematea beharrezkoa da.
Informazio guztia Irauliren sare sozialetan eta webgunean aurkitu daiteke, eta izen-emateak irauli.loratualahil@gmail.com helbidera idatzita egin daitezke.