Sadarreko harmailetan aspaldi ez bezalako burrunba izan zen Raul Garcia de Harok luzapenean garaitzeko gola sartu zuenean. Edo hobe esanda, VARak ontzat eman zuenean, hasieran baliogabetu egin baitzuten. Aurrelari gorritxoak artelana egin zuen area barruan, eta modu horretan, egindako lan eskergak sari benetan gozoa izan zuen Osasunarentzat.
Zale gehienek pozez zoratzen utzi zuten estadioa, baina ez denek, Hego Harmailaren eremuan karga egin baitzuten segurtasun indarrek behin partida amaituta. Antza denez, zelaira botila bat jaurti zuten zale bat identifikatu nahi zuten, eta jarraitzaile askok salatu dute poliziak neurriz kanpo jokatu zuela.
Pena da, zelaian gertatu zenak zoriona zabaldu baitzuen Sadarreko harmailetan. Osasunak Real Madril txikiagotu egin zuen lehen zatian, eta Budimirrek merezitako abantaila eman zien nafarrei. Viniciusek lehia orekatu egin zuen bigarren zatian, baina etxekoek kemenari eta fedeari eutsi zioten; hainbeste, ezen luzapenean gol gogoangarria sartu baitzuen Raul Garcia de Harok. 15 urtez itxaron ondoren, Osasunak Real Madril azpiratu du.
Emakumeen Osasunak, berriz, luzapenean irabazi zion Europari, Nora de Torresek sartutako golari esker. Aukera gutxiko neurketa izan zen, eta nafarrak sendo agertu ziren. Gauzak okertu egin zitzaizkien 78. minutuan, txartel gorria ikusi baitzuen Claudia Jimenezek. Haatik, luzapenean bere egin zituzten hiru puntuak.
Gizonen taldeak Valentziaren aurka jokatuko du hurrengo partida, igande arratsaldean; emakumeek hiru asteko atsedena izango dute.
Hori guztia aztergai Kirolerriko Osasun-etxean.